Ingurumena | 2021 04 02

Amurrio, Aiara eta Laudioko udalak eta Aiarako Kuadrillako 21 kontzeju Urbide Ur Partzuergoan sartu dira

Partzuergoak, Arabako Foru Aldundiak sustatuta lurraldeko uraren ziklo integrala kudeatzeko, tokiko 101 bazkide-erakunde ditu dagoeneko, udalen eta administrazio-batzarren artean, Aiara, Añana, Gorbeialdea, Arabako Lautada eta Arabako Mendialdeko Kuadrilletakoak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 2a. Urbide ur partzuergoak, lurraldeko herritarrei eta enpresei uraren ziklo integralaren kudeaketa eraginkorra eta jasangarria egiteko helburuarekin duela bi urte sortu zena, Aiarako Kuadrillako 24 erakunde sartu ditu sarean, ia 50.000 biztanle dituztenak.

"Sartze hauekin Urbide sendotzen da eta partzuergoko herritarrei uraren zikloaren kudeaketa optimoan laguntzen jarraitzen dugu", adierazi du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza foru diputatuak.

Gehitze berriekin, Urbidek beste urrats bat eman du tokiko erakundeei Arabako uraren ziklo integralaren kudeaketan laguntzeko helburuan. Horren barruan sartzen dira ura biltzea, biltegiratzea, edangarri bihurtzea, hornitzea, saneatzea eta araztea ibaietara itzuli aurretik.

Urbidek egiten duen uraren kudeaketa integrala bat dator Europako ingurumen-arloko araudiarekin, eta, beste abantaila batzuen artean, gerta daitezkeen ezustekoei erantzuteko gaitasun handiagoa eta ibaietara egiten diren isurketen murrizketa nabarmena eskaintzen ditu.

Urbideren erabaki-organo nagusia Batzar Nagusia da, eta Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza diputatua du buru. Urbideko Gobernu Batzordeak laster sartu beharko du partzuergoari atxikitako erakundeen ordezkari bat.

Ingurumena Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi