Gizarte Zerbitzuak | 2025 07 14

Foru zentroak murgiltze errealitateaz baliatuko dira adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen osasun kognitiboa eta emozionala hobetzeko

GOFEren egoitzek erabiltzaileen profil berrira (adinduagoak, mendekotasun handiagoa dutenak eta narriadura kognitibo aurreratua dutenak) hobeto egokitzen diren jarduerak izango dituzte

Gorka Urtaran foru diputatuak aurreratu du zentroetan azken teknologietan oinarritutako jarduerak zabalduko direla, baita tradizionalagoak diren beste batzuk ere, hala nola txakurren terapia
 

 

Gasteiz, 2025eko uztailaren 14a. Adinekoentzako eta desgaitasuna dutenentzako foru egoitzek eta eguneko arreta zentroek azken teknologiak aplikatuko dituzte erabiltzaileen osasun kognitiboa eta emozionala hobetzeko. Aurreikusita dago Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) zentroen sare osora zabaltzea murgiltze errealitatea bezalako jarduerak, eta, aldi berean, proiektu pilotu bat garatuko da errealitate birtualeko betaurrekoekin. Halaber, foru zentroetan beste jarduera tradizionalago batzuk egingo dira, baina onura terapeutiko ukaezinak dituztenak, hala nola txakurrekin lagundutako terapia.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Gorka Urtaranek gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan azaldu duenez, GOFE prozesu batean dago, non foru zentroetan egiten diren aisialdiko eta denbora libreko jarduerak eta lantegiak egokitzen ari baitira. Foru ordezkariak azaldu duenez, berrantolaketa horren arrazoia hau da: "foru egoitzetan bizi diren adinekoen profila aldatuz joan da denboran zehar. Gaur egun, adinean oso aurrera dauden pertsonak dira, mendekotasun funtzional handiagoa dute, eta haietako askok narriadura kognitibo aurreratua, eta zaintza gehiago behar dituzte", azaldu du.

Premisa hori oinarri, jarduera horiek artatutako pertsonen profilera egokitu dira, GOFEko profesionalen taldearekin batera egindako etengabeko ebaluazio eta hobekuntza prozesu baten ondoren.

Hartara, baloratu da ea haietako batzuen ordez terapeutikoagoak diren eta erabiltzaile gehiagori mesede egiten dioten beste batzuk egin behar diren, alde batera utzita erabiltzaileek mendekotasun maila handiagoa edo txikiagoa duten.  Hala, "ahalik eta egoiliar gehienei mesede egiten dieten jarduerak bilatu dira, hau da, pertsonei erlaxatzen, gogo aldartea hobetzen, estresa modulatzen eta ingurunean erosoago sentitzen laguntzen dietenak, eta, dementzia duten pertsonen kasuan, sintoma psikologikoak eta jokabidezkoak hobetzen laguntzen dutenak, ongizate emozional handiagoa ahalbidetuz", adierazi du Gorka Urtaranek. Berrantolaketari esker, gainera, jarduerak zentro guztietan homogeneizatzea lortuko da.

Horregatik, Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak jarduera berriak iragarri ditu foru aldundiaren egoitzetan eta eguneko arreta zentroetan, hala nola murgiltze errealitateko saioak, errealitate birtualeko betaurrekoak eta txakurrekin lagundutako terapia, zeinak dagoeneko izapidetze prozesuan baitaude. 

Zentro gehiagotan ezarriko den jarduera murgiltze errealitatea deritzona izango da. Teknologia horri esker, erabiltzaileak ikusten ari diren edukian murgiltzen dira erabat, aretoko hormetan eta sabaian zabaltzen diren proiekzioei esker, zeinek ikuseremu inguratzailea sortzen baitute. Proiekzio horiek soinu efektu inguratzaileekin eta beste multimedia baliabide batzuekin konbinatu ohi dira, benetako murgiltze esperientzia bat sortzeko.  

GOFEren adinekoentzako egoitza eta eguneko zentro guztiek, bai eta Etxebidea egoitzak eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko arretako hainbat baliabidek ere, abian jarriko dute irtenbide teknologiko hori, eta egoiliarren funtzio kognitiboen eta fisikoen estimulazioa eta ongizate emozionala hobetzen lagunduko du.

Proiektu pilotua errealitate birtualeko betaurrekoekin
Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak iragarri duen beste proiektu bat, azken teknologietan oinarritua, betaurreko berezi batzuekin egindako errealitate birtuala da. Betaurreko horiek beste maila batera daramate murgiltze esperientzia, erabiltzailea ingurune birtual oso batean murgiltzen baita, mundu errealetik isolatuta. Jarduera hori proiektu pilotu gisa egingo da Ajuria egoitza eta eguneko zentroan. Eragina eta egokitasuna ebaluatuko dira, gainerako zentroetara zabaltzeko, hala iritziz gero. 

Murgiltze errealitatearen esperientzia eta errealitate birtualeko betaurrekoak Europar Batasunaren Next Generation EU funtsekin batera finantzatuko dira, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Txakurrekin lagundutako terapia
Azkenik, Gorka Urtaranek aurreratu duenez, txakurrekin lagundutako terapia jarduera abian jarriko da adinekoentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan. Terapia honen bidez, lortu nahi dena da erabiltzaileek gozatzea animaliekin ohiko interakzioak izateak sortzen dituen ondorio positiboen onurez. 

Bereziki trebatutako txakurren terapiak onura ugari eskaintzen ditu alderdi fisikoan, hala nola psikomotrizitatea hobetzea, arteria presioa murriztea eta bihotz erritmoa erregulatzea. Bakardade sentsazioa murrizten ere laguntzen du, estres maila murrizten du eta depresioari aurre egiteko erresistentzia indartzen du. Ikuspegi kognitiboa kontuan hartuta, oroimena, jokabide asaldatuak murriztea eta erantzun emozionalak eta jokabidezkoak agertzea errazten duen estimulu gisa jarduten du, eta, gainera, zuzeneko eragina du ongizate emozionalean. 

Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gogorarazi du jarduera horiek guztiak foru zentroek gaur egun egiten dituztenekin uztartuko direla, hala nola psikoestimulazioa, musikoterapia, musika emanaldiak, irteerak, belaunaldi arteko topaketak, irakurketa eta poesia, bingoa, eta boluntarioekin egindako hainbat ekintza, besteak beste.

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi