Foru Aldundia | 2023 09 14

Next Generation funtsek Batura Zikloa eta LaTaBalKa kultura proiektuak ahalbidetu dituzte

Zehazki, hauexek dira: musika ziklo bat, kuadrillatan emango diren 6 kontzerturekin, eta proiektu bat, ingurumen ikuspegia oinarri duten kultura eta gizarte ekimenak garatzeko landa eremuan, 7 ekitaldi dituen unitate mugikor baten bidez

Gasteiz, 2023ko irailaren 14a.  Gaur, Foru Aldundiaren jauregian, Next Generation 2023 funtsekin lotutako bi kultura proiektu aurkeztu dira; zehazki, Kultura eta Kirol Sailak joan den maiatzean onetsitako «hirikoak ez diren eremuetan kultura eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak» izenekoei lotutakoak.

Aurten bi proiektuk jaso dute dirulaguntza: Batura Zikloa eta LaTaBalKa proiektua. Hauexek aurkeztu dute: Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Ana del Val, Beñat Olano Duque, Josu Okiñena (lehenengo proiektua) eta Sara Vizcaino eta Nahikari Mora (bigarrena).

"Batura Zikloa" proiektua "Erakunde pribatuak eta profesionalak" 1. modalitatearen onuraduna da, eta 38.400 euroko dirulaguntza jaso du. Euskal musikari garrantzia emateko ziklo bat da, irailetik azarora bitartean egiten dena. Arabako kuadrillek doako sei kontzertu programatu dituzte euskal interpreteekin eta nazioartekoekin. Programa honek hiru helburu ditu; izan ere, euskal musika klasikoaren zabalkundea bultzatzeaz gain, Arabako landa inguruneko herrietako kultura programazioa bultzatu eta haien ondarea ezagutarazi nahi du.

Zikloak Josu Okiñena musikariaren eta ikertzailearen zuzendaritza artistikoa du, zeinaren ibilbidea euskal musika ondarea berreskuratzea eta hari garrantzia ematea baita. Bertako eta kanpoko artistek euskal konpositoreen errepertorioak interpretatuko dituzte, hala nola Pascual Aldave, Lizarrako Hilario Olazaran, Aita Donostia, Pablo Sarasate edo Jesus Guridiren errepertorioak, bai eta nazioarteko klasikoenak ere, esaterako Vivaldi, Schubert, Bach edo Beethovenenak.

Kontzertuak, jende guztiarentzat izango dira, eta hilean bi larunbatetan egingo dira, irailean, urrian eta azaroan, 18:30ean, Arabako hainbat herritan, eta doako garraio zerbitzua izango dute Gasteiztik. Erreserba hemen egin beharko da: https://eventos.oeoficina.com/es/pagina/0007-ciclo-batura. Informazio gehiago dosierrean.

"LaTaBalKa" proiektua "Irabazteko xederik gabeko erakunde pribatuak" 2. modalitatearen onuraduna da, eta 25.776,64 euroko dirulaguntza jaso du. Aurrekoarekiko guztiz desberdina den proiektu bat da, HAZ Koop. Elk. Txikiak antolatua, zeina elkarlaneko kooperatiba bat baita, argazki eta zinema ondarea berreskuratzearen, sortzearen eta kontserbatzearen inguruko zerbitzuak eskaintzen dituena. Ikusmintzaira erabiltzen du elkarlan, sormen eta terapia dinamiken aktibatzaile eta agitatzaile gisa.

LaTaBalKa unitate mugikor bat da ingurumen ikuspegia oinarri duten kultura eta gizarte ekimenak garatzeko landa eremuan. Kamera ilun bat da, arte bisualekin, arte eszenikoekin eta herritarren teknologiarekin lotutako esperientziak dituena. Pertsonen parte hartze aktiboa sustatu nahi da, bizilagunen, kulturen eta belaunaldien arteko bizikidetza bultzatuta, eragin handiko ekintzen bidez. Hala, hainbat ekintzaren bidez artea eta sormena hezkuntza tresna gisa erabiltzen dituzten jarduera esperimentalak, ludikoak eta parte hartzaileak planteatzen dira.

Proiektu horren kasuan, dagoeneko hasi dira bere 7 ekitaldiak, eta antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, orain arteko esperientzia positiboa izan da. Jardunaldi etnografikoak egin dira Pipaonen, ekitaldi bat pilotalekuko lorategietan Lagranen, eta beste bi ekitaldi Murgian Aztarna Beltza jaialdian.

Oraindik ekitaldi bat geratzen da egiteko, irailaren 19an, Monasterioegurenen, eta beste bi ekitaldi, urriaren 14an, Mendotzan. Informazio gehiago dosierrean.

2022ko dirulaguntza

2022an ere egin zen deialdi hau. Hiru proiektu diruz lagundu ziren: Panta Rhei Producciones SLrena, bere "Naturaren sekretua" proiekturako; Hunkitu Artearena, "Poetak maiatzean" izenekoan parte hartzeko, eta Zuiako Udalarena, "Jugatxi. Basoaren Argi Printza" programarako, zeina baita landa ingurunean eta naturan egiteko kultura eta sormen proiektu bat. 

Foru Aldundia Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi

Dossierra

Jaitsi

Aurkezpena

Jaitsi