Mamen Mendizabalek eta Alberto Chicotek sustatuko dute Arabako eta Gasteizko natura eta gastronomia Fiturren - arabapress
Mamen Mendizabalek eta Alberto Chicotek sustatuko dute Arabako eta Gasteizko natura eta gastronomia Fiturren
“Mas Vale Tarde” saioko aurkezlea eta chefa izango dira hiriburuaren eta lurraldearen enbaxadore berriak.


Vitoria-Gasteiz, 20 de mayo de 2021.- Maiatzaren 20an jakinarazi da nor izango diren Arabaren eta Gasteizen 2021eko enbaxadore turistiko berriak Fiturren: Mamen Mendizabal eta Alberto Chicote. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak aurkeztu dituzte, Euskadiren standean egindako ekitaldi batean. Kazetaria eta chefa “ilusioz beterik” agertu dira lurraldearen eta haren hiriburuaren natura- eta ondare-baliabideak eta gutizia gastronomikoak Espainian ordezkatzeko eta ezagutarazteko aukerarekin.
Badira urteak bi enbaxadoreek Gasteiz eta Araba ezagutzen dituztela, eta haien baliabide turistikoen miresle dira. Mamen Mendizabal kazetaria FesTValera etorri zen 2014an, “Las caras de la noticia” dokumentalen estreinaldia zela eta, eta amaitzeko galan parte hartu zuen. Mendizabal gaurkotasunarekin oso loturik egon da beti, eta mendiaren eta aire zabaleko kirolen zalea da oso. Aurkezleak azpimarratu duenez, “ingurumenaren aldeko bere apustuagatik eta naturarekiko bere errespetuagatik nabarmentzen da Gasteiz”.
Alberto Chicote chef eta aurkezleak, berriz, harreman berezia du Arabako hiriburuko Telebista Jaialdiarekin, eta zenbait alditan hartu du parte horretan. Gogorarazi du Gasteizen aurkeztu zuela lehenengoz gero ospea ekarriko zion saioa: “Pesadilla en la Cocina”. Halaber, aitortu du “sukaldari lagunak dituela hirian” eta Gasteizko pintxo-ibilbideak gomendatu ohi dituela.
Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatu Cristina Gonzálezek FesTVal jaialdiak Gasteiz eta Araba sustatzeko eta ezagutarazteko egiten duen lan “garrantzitsua” nabarmendu dute, lehiaketako zuzendari Joseba Fiestrasek gidatutako ekitaldi batean.
Cristina Gonzalezek azpimarratu duenez, “gure lana beti da Arabaren eta bere hiriburuaren alderdi xarmangarriei zabalkundea ematea, hala nola Gatz Haranari, harresiak dituzten hiribilduei eta gastronomiari, eta jendeari horiek ezagutaraztea. Eta, zalantzarik gabe, errazago bihurtzen da helburu hori Alberto Chicote edo Mamen Mendizábal bezalako aurpegi ezagun eta ospetsuei esker”.
Cantok azpimarratu duenez, “kazetaritzaren eta gastronomiaren bi erreferente aukeratu ditugu: biek gure baliabide turistikoak maite dituzte, eta zabalkunde-lan bikaina egingo dute hemendik aurrera. Gasteizera itzultzera gonbidatzen ditugu, gure kultura-ekitaldiak goza ditzaten, FesTVal barne, zeinak telebistaren hiriburu bihurtzen baitu urtero gure hiria”.
Enbaxadore turistikoak aurkezteko ekitaldiak aukera ematen du iritziak trukatzeko eta lurraldea eta haren hiriburua sustatzen laguntzen duten sinergiak bultzatzeko. “El Intermedio” saioko aurkezleetakoa den Sandra Sabatésen eta Jesus Alvarez kirol-kazetariaren lekukoa hartu dute Mendizabalek eta Chicotek.