Ingurumena | 2022 11 21

Ingurumen Sailak klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko jarduerak lehenetsiko ditu, eta inbertsioak bultzatuko ditu hondakinen kudeaketan eta prebentzioan

2023rako aurrekontua 23,841 milioi euro izango da, aurreko urtean baino % 18,5 handiagoa

 Klima aldaketaren arloko ekintzek sailaren baliabide ekonomiko guztien % 44 hartuko dute

Gasteiz, 2022ko azaroaren 21a.  Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak gaur goizean aurkeztu ditu Batzar Nagusietan berak zuzentzen duen sailaren 2023ko aurrekontua betearazteko ildo nagusiak. Aurrekontua 23,841 milioi euro izango da, aurreko urtean baino % 18,5 handiagoa.  Klima aldaketaren arloko ekintzek sailaren baliabide ekonomiko guztien % 44 hartuko dute, eta horrek esan nahi du % 54,5eko igoera izan dela 2022koaren aldean.

Zehazki, eta foru gobernuak klima aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko hartutako konpromisoaren ondorioz, Klima Araba 2050 estrategiaren ibilbide orrian zehaztutako jarduketak lehenetsiko dira. Bidezko trantsizio energetikoak eta klimaren aldeko ekintzak jarraitzen dute energia berriztagarrien azpiegiturak garatzea ahalbidetzen duten proiektuak finkatzen, hala nola Ekienea, Euskadiko eguzki parke fotovoltaiko handiena, EKIOLA herritarren kooperatibak eta tokiko erakundeentzako laguntzak, orotara 1,6 milioi euroz hornituak.

Bidezko trantsizioari dagokionez, partida ekonomiko horretan sartuta daude “galdara komunitarioa duten auzokideen erkidegoentzako laguntzak, instalazio horien energia kostuen gehikuntza ordaintzeko, 800.000 euroko zuzkidurarekin. Horrela, klima aldaketaren arloko politika eta arau esparruei laguntzen jarrai dezakegu, arintzearen ikuspegitik”, iragarri du Galerak.

Life Urban Klima proiektuak mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzen du, eta bizikleten parke publikoak eta aparkaleku seguruak sortzea aurreikusi du lanerako joan-etorrietarako Nerbioiko Parke Linealeko Bide Berdean, Jundizen, Gamarrako igerilekuen inguruan eta Langraiz Okan, sailaren titularrak azaldu duenez.

Era berean, eta klima aldaketaren aurkako erresilentzia areagotzeko asmoz, milioi bat euro erreserbatu dira isurketa guneak kentzeko,  azpiegitura berdeak eraikitzeko eta Asparrena-Donemiliagako, Lantarongo eta Casablancako industrialdeetan iragazki berdeak eraikitzeko.

Jarduera ildo horretan, Galerak beste proiektu batzuk aipatu ditu, zeinen bidez “ibilbide berdeen kopurua eta haien luzera handitu” ahal izango baita. Haietarako, 2 milioi eurotik gorako inbertsioak egitea aurreikusi da. Proiektu horien artean daude Nerbioiko parke linealean hiru tarte berri egitea, Maroñoko urtegiaren perimetroko ibilbide berri bat, Arabako Lautadaren eta Nafarroako Sakanaren artean oinez eta bizikletaz ibiltzeko konexio berdea eta Zadorrako Ibilbide Berdea lehengoratzea Krispiña inguruan.

  Ekonomia zirkularra

Sailak ahalegin handia egingo du, halaber, ekonomia zirkularrean, eta 7,3 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu horretara, hondakinen kudeaketa eta prebentzioa optimizatzeko. Duten garrantziagatik, nabarmentzekoa da honako hauek eraikitzeko oinarrizko proiektuak amaituko direla: konpostaje instalazio bat, gaika bildutako materia organikoaren frakzioari balioa emateko balioko duena, eta biolehorketa instalazio bat, gaur egun Gardelegira doazen errefusak murrizteko. Lan horiek 2023an lizitatu behar dira, 2024an gauzatu ahal izateko.

Beraz, “Lanean jarraituko dugu hondakinen arloko helburuak lortzen lagunduko diguten beharrezko azpiegiturak behin betiko indartzeko”, adierazi du foru arduradunak. Eremu horretan beste jarduera esanguratsu batzuk sartzen dira, hala nola Arabako Lautadarako konpostaje instalazio bat eraikitzea, bi garbigune egitea eta Konpostaraba sarea finkatzea.

Araztegiak eta azpiegitura hidraulikoak

Uraren zikloa da aurrekontuko beste arloetako bat, eta sailak 4,6 milioi euro inguru inbertituko ditu arazketan, saneamenduan eta horniduran. “Hori guztia gure ibaien kalitatea hobetzeko eta ur hornidurako gure sistemak hobetzeko”, azaldu du foru diputatuak.

Aurreikusitako obren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

Saneamendua eta arazketa:

Gillernatik Ametzaga Zuiarako hodi biltzailea egitea.

Billoda-Tresponde hodi biltzailea egitea Subillabide industrialdera arte, Iruña Okako HUAn tratatzeko.

Eguzki panel fotovoltaikoak jartzea zenbait HUAtan

Hornikuntza:

Agurain eta Araia hornitzen dituen Zirauntza ibaiaren hoditeria berritzea.

Leziñanako ur biltegia eraikitzea eta iturburuaren goi sareko hoditeria berritzea.

Guardiako ur biltegia eraikitzea.

Gorbeia-Askargango gaina hartuneetako hoditeria berritzeko  lanekin jarraitzea

Murgako biltegia aprobetxatzea Laudio hornitzeko.

Delikako hornidura hobetzea.

Sobrongo sistemaren horniduraren konexioa amaitzea.

Ingurumena Foru Aldundia Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi