Berdintasuna eta Giza Eskubideak | 2021 03 12

ARABARTU i3 sortu da, Arabako lurraldearen hobekuntzan EHUko ikasleen parte-hartze aktiboa sustatu nahi duen proiektua

  • Proiektua Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako 2030eko Itunaren barruan dago.
  • Proiektua Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak izenpetutako lankidetza hitzarmenaren emaitza da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 12a. Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta eta Euskal Herriko Unibertsitatean gradu ikasketetan matrikulatuta dauden ikasleak, praktikak egiteko edo gradu amaierako lana egiteko prest badaude, Arabartu i3 proiektuan parte hartu ahal izango dute ikasturte honetan. Deialdia Arabako Foru Aldundiak eta UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak sinatutako lankidetza hitzarmenean sartuta dago.

Proiektuak bi helburu ditu. Alde batetik, UPV/EHUko unibertsitate ikasleei jasangarritasunaren arloko prestakuntza ematea – bereziki, Garapen Jasangarriaren Helburuetan – XXI. mendeko erronkei aurre egiteko duten ahalmenaz jabetu daitezen. Bestetik, Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Ituna osatzen duten erakundeei laguntzea Agenda 2030 bereganatzen eta ezartzen, gaitasun zientifiko-teknikoak zein zeharkakoak dituzten ikasleen ikuspegiarekin eta laguntzarekin, bai eta haren tutore diren unibertsitateko irakasleekin ere.

Unesco Etxeak eta Teatro Paraisok parte hartzen dute proiektuan. Unesco Etxeak unibertsitateko irakasle eta ikasleen prestakuntza eta laguntza jardueretan lagunduko du, eta Teatro Paraisok, berriz, proiektuaren azken etapan hedapen eta sozializazio jarduerak antolatzen. Hiru erakundeek (UPV/EHU, Unesco Etxea eta Teatro Paraíso) Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako Itunaren 4. GJH -Kalitateko Hezkuntza- talde eragilea osatzen dute.

Ikasturte honetarako, eta proiektu pilotua denez, dagoeneko identifikatu dira Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako 2030eko Itunaren erakunde batzuk, eta ikasleek haietan egingo dute lan. Besteak beste, honako hauek daude: A&B Bioteknologiako Laborategiak, Arraia-Maeztuko Udala, Caritas, BIC Araba, Udapa, Elika eta UNICEF. Alderdien (EHUko ikasleak eta erakunde hartzaileak) arteko lankidetzak lurraldeko erronka komun bati erantzun nahi die eta, aldi berean, lan horiek egiten diren erakundearen erronka berezi bati.

Parte hartzaileek, prestakuntzaz eta laguntzaz gain, 750 euroko laguntza poltsa jasoko dute. Proiektua Euskal Herriko Unibertsitatearen irakaskuntza-ikaskuntza estrategiaren barruan kokatzen da: IKD i3 (ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna): ikaskuntza ikerketaz eta jasangarritasunaz biderkatzean datza, hau da, termino bakoitzaren hazkunde esponentziala, prozesu eta produktu ezezagunak ahalbidetzeko.

Gainera, ikasturte honetan proiektuaren pilotaje bat egingo da, eta unibertsitateko irakasleak, unibertsitateko ikasleak, itunaren erakundeak, Unesco Etxeak, AFAk elkarlanean jardungo dute proiektuaren metodologian (UPV/EHUren Arabako Campusean inpaktu handiko ikaskuntza prozesuak arrakastaz gauzatzea ahalbidetuko duen lan dispositibo bat diseinatu, garatu eta ebaluatzea), proiektu eta erakunde parte hartzaileen kopurua handitzeko datorren ikasturtean.

Euskal unibertsitate publikoaren aldetik, proiektuaren ardura duen unitatea Jasangarritasunaren eta Gizarte Konpromisoaren Zuzendaritza da, Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta  Transferentziaren arloko Errektoreordetzari atxikita, Arabako Campuseko Errektoreordetzarekin lankidetza estuan. "Gure ustez, palanka efektua duen proiektu bat da, ikasle horiek lagunduko dutelako 2020an eta 2021ean Itunaren erakundeen aldaketak bultzatzen eta etorkizunean, 2030etik aurrera, beraiek izango direlako arduradunak pertsonen eta planetaren etorkizunari buruzko erabaki handiak hartzeko", azpimarratu du EHUko Zuzendaritza horrek.

AFAren aldetik, Arabako Ituna bere osotasunean koordinatu eta bultzatzeko ardura duen Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariak honako hau adierazi du: "Arabartu i3 bezalako proiektuak oso eragile desberdinek partekatutako ekintzaren adibide argia dira, eta helburu argia dute: Gizarte inklusiboak eraikitzea, inor atzean geratu gabe, pertsona guztientzako aukerekin eta gure planetaren zaintzan arreta jarrita".

Proposamen horrek ituna indartzen eta unibertsitatearen eta gizartearen arteko transferentzia bultzatzen lagunduko du, eta, azken batean, Arabako gazteak "Arabarekin batera" edo "Araba egiten" inplika daitezen; hortik dator proposamenaren izenburua: Arabartu i3.

Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako 2030eko Ituna

Arabako Foru Aldundiak bultzaturiko Garapen Jasangarriaren aldeko Arabako 2030eko Ituna sortu zen jakin-mina eta uste osoa zegoelako Arabako lurraldeko eragile ekonomiko, sozial, hezitzaile, kultural, enpresarial, publiko eta pribatuen arteko konpromiso eta ahalegin partekatua behar dela Agenda 2030 ezartzeko eta Garapen Jasangarrirako 17 helburuak lortzeko.

Itun honek trakzio palanka izan nahi du, Arabako gizarteko hainbat eragilek garapen iraunkorraren alde eta gure lurraldean eta planetako gainerako lurraldeetan bizi diren pertsonen ongizatea hobetzeko egiten duten lana aitortu eta bultzatzeko.

Garapen Jasangarrirako Arabako 2030eko Ituna 2018an jarri zen abian, eta, egun, gizarte, kultura, enpresa, kirol eta hezkuntza arloetako 40 eragile baino gehiago biltzen ditu, erakunde publikoekin batera. Hain zuzen ere, itun honen indarguneetako bat ituna osatzen duten eta, oro har, Arabako gizartea ordezkatzen duten eragileen aniztasunean datza.

Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna

Prentsa oharra

Jaitsi