Foru Aldundia | 2023 01 04

Nagusilanek adinekoei foru egoitzetan laguntzeko Foru Aldundiarekin duen lankidetza berritu du

Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 3a. Arabako Foru Aldundiak eta Nagusilan elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, eta horren bidez, erakunde horretako adineko boluntarioek laguntza eta animazio lanak egingo dituzte Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) adinekoentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan.

Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eta José Ramón Ecenarro Nagusilaneko lehendakariak sinatu duten hitzarmenaren helburua da egoera ahulean dauden pertsonen bizi kalitatea hobetzea, eta, batez ere, bakarrik eta bakartuta dauden pertsonena, bai eta lan humano eta solidarioa behar duten foru zentroetako erabiltzaileei lagun egitea edo bestelako banakako zein taldeko ekintzak egitea ere. Jarduera hori GOFEren Adinekoen Arloko Boluntariotza Programaren barruan sartzen da.

Nagusilan irabazteko xederik gabeko elkarte bat da, eta bere helburuen artean dago nahi gabeko bakardade egoeran dauden adinekoei lagun egitea, eta bere jarduera adinekoen eta adinekoentzako boluntario lanetara bideratzen du.

Emilio Sola foru diputatuak, hain zuzen ere, Nagusilanen lan horren balioa nabarmendu du: “Beste adineko batzuei lagundu nahi dieten adineko pertsonak. Zahartze osasuntsu eta aktiboa esaten diogunaren adierazle ona dira”.

Alde horretatik, foru diputatuak honako hau adierazi du: “Boluntarioak bizi garen gizartean hain garrantzitsuak, beharrezkoak eta eredugarriak diren balioak transmititzeko elementuak dira, hala nola konpromisoa, pertsona ahulenen arreta, entzutea edo elkartasuna. Eredu dira gizartearentzat eta erakundeentzat, eta balioa eman behar diegu”.

 “Pertsona horiek beren denbora eta prestasuna erabiltzen dute gure egoitzetako adinekoei bizimodua atseginago egiteko. Beren denbora eskuzabaltasunez eskaintzen dute egoitzen erabiltzaileei eta, bereziki, hurbileko seniderik ez dutenei lagun egiteko”, erantsi du Emilio Solak.

 Arabako Foru Aldundiaren eta Nagusilanen ustez, boluntariotza herritartasun aktibo antolatu, altruista eta solidarioaren adierazpena da, eta pertsonekin eta gizarte errealitatearekin esku hartzen duena, gizarte premiei erantzuteko jarrera inklusibo, kritiko, sortzaile, osagarri eta proaktibo batetik, eta inguruarekin konpromiso pertsonal eta kolektiboko harreman batetik.

Foru Aldundia Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Nota de prensa

Jaitsi