Naiara Errasti Otañok irabazi du 2025eko Arabako jaiak iragartzeko kartelaren lehiaketa - prentsa
Naiara Errasti Otañok irabazi du 2025eko Arabako jaiak iragartzeko kartelaren lehiaketa
25 parte hartzaile aurkeztu dira lehiaketara, 12 emakume eta 13 gizon, eta sei finalisten artetik hautatu dute, bere "Araba, jaia has dadila!" proposamenagatik
Jugatx Gómez Guinea izan da "Gazte" kategoriako irabazlea, "Erritmoa ez da eteten" kartelarekin



Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a. Naiara Errasti Otaño (Eskoriatza, Gipuzkoa), 20 urtetik gorako esperientzia duen diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea eta Arabako Mooneki estudioaren sortzailea, da San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren 2025eko Arabako Jaiak iragartzeko lehiaketa irabazi duen kartelaren egilea. Eta Jugatx Gómez Guinea izan da "Gazte" kategoriako irabazlea, "Erritmoa ez da eteten" proposamenarekin.
Halaxe iragarri du gaur Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, irabazlea han zela, eta adierazi duenez, "lehiaketa arrakastatsua izan da ereduagatik, parte hartzaile kopuruagatik eta lan finalisten kalitateagatik".
25 parte hartzaile aurkeztu dira lehiaketara: 12 emakume eta 13 gizon. Parte hartzaileen erdiak baino gehiago, 13, Arabakoak izan dira, 4 Euskadiko beste bi probintzietakoak eta 8k beste probintzia batzuetatik helarazi dituzte eskaerak (Valentziatik 3, Madriletik 2 eta bana Nafarroatik, Leonetik, Castellótik).
"Gazte" kategoria
Modalitate hori duela bi urte jarri zen abian, eta diseinuarekin eta/edo artearekin zerikusia duten ikasketak egiten ari diren 25 urtetik beherako pertsonentzat da, diseinatzaile gazteenak lehiaketetara aurkeztera animatzeko.
Kategoria horretan, parte hartzaileek kartel proposamen bat aurkeztu behar zuten. Kartelaren proposamena argitaratu gabea izan behar zen, aurretik beste ezein lehiaketatan saritu gabea eta hautagaiak egina.
Jugatx Gómez Guinea arabarra izan da "Gazte" kategoriako irabazlea, "Erritmoa ez da eteten" kartel alaiari esker. Jugatx Amurrioko neska gazte bat da, eta IDarte-n Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi-mailako gradua ikasten ari da. Kategoria horretako irabazlea izateagatik, automatikoki kategoria orokorrean finalista izatera pasatu zen.
Kategoria orokorra
Modalitate hori bi fasetan dago banatuta: Lehenengoa, hautagaitzak dosier bidez aurkeztea. 3-5 ilustrazio edo diseinu izan behar zituen, eta haietatik gutxienez 2 kartelak izan behar ziren, azken artearen kalitatea eta pertsonaren ilustrazio laneko estiloa edo gaitasunak baloratu ahal izateko, "ordaindu gabeko sorkuntza ahalegina egin aurretik, diseinuko agenteek eskatzen duten bezala".
Jasotako dosierrak aztertu ondoren, epaimahai profesional batek bost hautagai finalista hautatu zituen, eta "Gazte" kategoriako finalista irabazleari gehitu zitzaizkion, eta kartel proposamen bat helarazteko eskatu zitzaien.
Hautatutako pertsona horietako batek bere nortasuna ez argitaratzeko eskatu du. Lehiaketako beste bost finalistak honako hauek izan ziren:
-
Alexandre Fernandez Villanueva, Gasteiz (Araba)
-
Saioa Olatz Aguinaco Lamarain, Gasteiz (Araba)
-
Naiara Errasti Otaño, Eskoriatza (Gipuzkoa)
-
Sergio Iborra Colomer, Xátiva (Valentzia)
-
Jugatx Gomez Guinea, Amurrio (Araba)
Bigarren fasean, epaimahaiak aurkeztutako sei proposamenak aztertu eta hautagai irabazlea hautatu zuen. Jakina, epaimahaiak denbora horretan guztian ez zekien parte hartzaileek zer izen zuten, zein zen haien jaioterria eta nondik zetozen. Haien erabakiak oinarrietan ezarritako kalitate, originaltasun eta sormen irizpideetan daude oinarrituta, eta aurkeztutako lanen komunikazio potentziala baloratu dute.
Berritasun gisa, 2025ean handitu egin da saridunek jasoko duten zuzkidura. Hain zuzen, sei finalista horietako bakoitzak 350 euro jasoko ditu bere lanagatik. Hautagai irabazleak, Naiara Errastik, beste 1.400 euro jasoko ditu azken sariagatik; 1.750 euro, guztira.
Aipatu behar da Naiara Errastik duela 5 urte ere irabazi zuela lehiaketa, 2020an, nahiz eta garai hartan jaiak ezin izan ziren egin pandemiagatik, baina kartela, "Arabako jaiak, etxez etxe" lelopean, argitara eman zen zorigaiztoaren aurkako omenaldi gisa, eta gizarteak asteetan eraiki zuen komunitate espiritua ohoratzeko, eta haren barruan espiritu horrekin programatutako jarduerak egiteko.
Kartel iragarlea: Araba, jaia has dadila!
Kartelaren konposizioan diseinu kolorista eta sinbolikoa nabarmentzen da, eta kartelaren erdian dagoen tronpeta jotzailearen irudia da protagonista. Irudi hori forma geometrikoekin eta lerro dinamikoekin osatuta dago, eta San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren omenezko jaien hasiera iragartzen duen pertsonaia bereizgarri eta ezagunenetako bat da.
Tronpeta jotzailearen aurpegiak danborrada tradizionalari keinu egiten dio. Aurpegiaren erdian danbor gorri batek sudurraren tokia hartzen du, eta festaren erritmoaren indarra eta bizitasuna iradokitzen ditu. Bi eskuk konposizioa zeharkatzen duten makilei eusten diete. Banderen eta jantzi tipikoen koloreekin apainduta daude, eta Arabako ospakizun horien aniztasuna eta kultura aberastasuna erakusten dute. Goiko aldean, tronpeta jotzaileak txapel berde bat darama, eta bertan San Prudentzioren Basilika, hango zelaiak eta Estibalizko Andra Mariaren Basilika ageri dira, irudiaren barruan Arabako paisaia eta ondarea txertatuz. Gainerako elementu grafikoek forma eta kolore biziak dituzte, eta jaien esentzia irudikatzen eta haien ezaugarri diren energia, poza eta herri giroa transmititzen dituzte.
Eskuz egindako tipografia organiko eta adierazkorrak, euskaraz zein gaztelaniaz, ekitaldiaren hurbiltasuna eta izaera herrikoia indartzen ditu. Obra diseinu digitalaren bidez egin da, eta paper zimurtua simulatzen duen testura gehitu zaio, tradizioa hizkuntza grafiko garaikidearekin lotzen duen artisau efektua emanez.
Naiara Errasti Otaño
"Naiara naiz, diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea, eta 20 urtetik gorako esperientzia dut sormen sektorean. Nire ibilbidean zehar, aukera izan dut balioa eta nortasuna emateko proiektu askori, batez ere markak garatuz eta indartuz brandingaren bidez eta ikusleekin konektatzen duten ikus unibertsoak sortuz.
Arte Ederretako prestakuntza jaso nuen, non ikusizko narratibaren eta narratiba artistikoaren indarra ezagutu bainuen, eta geroago nire ezagutzak zabaldu nituen estanpatuen eta gainazalen diseinuko master baten bidez. Horri esker, sormenezko aplikazio berriak esploratu ahal izan ditut modaren eta interiorismoaren sektoreetan.
Ilustrazioa nire adierazteko modurik pertsonalena da. Ideiak eta emozioak nortasunezko irudi bihurtzea ahalbidetzen dit. Hor kontatu ditzaket istorioak, esploratu ideiak eta mundu bisualak sortu, behatzaileekin konektatzeko".