Aurkeztu dute hamar kontzertu izango dituen larunbat musikalen 2024ko programazioa - arabapress
Aurkeztu dute hamar kontzertu izango dituen larunbat musikalen 2024ko programazioa
- Urtarrilaren 13an hasiko da, haurren Gabonak luzatuz, ipuin musikal berri batekin: Iluna Producciones-en "El pincel mágico"
- Talentu gaztearen eta tokiko artisten aldeko apustua egingo du, entzule berriak erakartzeko
- 2023an 1.100 entzule baino gehiago izan dira

Gasteiz, 2023ko abenduaren 27a. Urtarrilaren 13an itzuliko dira Larunbat musikalak. Formatu txikiko kontzertu eta ekitaldien ziklo horretan, antzinako musika, musika klasikoa, garaikidea, zarzuela nahiz beste kultura batzuetako musikak izaten dira. Arte Ederren Museoa du agertoki nagusi, eta hamar kontzertu izaten dira (hilean bat, udako bi hilabetetan izan ezik).
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak 2024ko programazioa aurkeztu du gaur. Adierazi duenez, "programazioa askotarikoa izango da aurten ere, eta bultzada berezia emango zaie gazteei eta tokiko artistei. Soinu eskaintza desberdina izango da, azken batean".
Izan ere, ziklo horretan bertako artista ugari izaten da beti, baina, era berean, beti egoten da tokia Euskadiko eta Espainiako beste leku batzuetako interpreteen talenturako eta garapenerako. Edizio honetan, gainera, sailak duela hogei urte baino gehiagotik antolatzen dituen beka artistikoen laguntza jaso duten hainbat pertsonak hartuko dute parte, baita beste erakunde batzuen bekak jaso dituzten artistek ere.
Kontzertu guztietarako sarrera librea izango da tokiak bete arte. Kontzertu bakoitzaren aurreko astean emango dira bakoitzari buruzko xehetasunak.
Oharraren amaieran programazio osoa erantsi da.
El pincel mágico
Urtarrilaren 13an, 12:30ean, Arte Ederren Museoan, Iluna Producciones nafarrek El pincel mágico ipuin musikala aurkeztuko dute; Gabonak luzatzeko asmoz, Errege Magoek haurrei egingo dieten azken oparia izango da (hiru urtetik aurrerako umeentzat gomendatua).
El pincel mágico ipuin musikal soila da, berdintasunaren alde borrokatzen duena eta musika klasikoa hurbiltzen diena txikienei. Obrak maisuen zati ezagunak ditu, hala nola, Mozart, Lisztt, Beethoven, Vivaldi. Rossini eta Massenet-enak, bai eta haurrentzako egokitutako hitzak ere. Mugak gainditzeari buruzko istorio dinamiko, baikor eta bizia da, umeek erraz jarraitzeko modukoa.
Iluna Producciones hogei urte baino gehiago dituen eta antzerki testualean espezializatuta dagoen konpainia eta ikuskizun ekoizlea da. Azken hamarkadan haurrentzako 1.000 emanaldi baino gehiago egin dituzte. Raquel Sanchez Corcuera eta Miguel Goikoetxandia izango dira oholtza gainean oraingoan.
2023an 1.100 entzule baino gehiago izan dira
2023ko programa oso arrakastatsua izan da. Aurten, hamar kontzertuko ziklo osoa egin da berriro. Eta bederatzi kontzertutan toki guztiak bete dira.
Arte Ederren Museotik eta haren lorategietatik 1.100 pertsona baino gehiago pasatu dira.
"Musikariek beraiek areto nagusiaren akustika eta edertasuna nabarmentzen dute. Programazioa askotarikoa izan da. Urtarrileko emanaldia haurrentzat izan da eta gainerakoak adin guztietako jendearentzat. Badira kontzertu guztietara joaten diren entzule fidelak, baita beste probintzia batzuetatik datozenak ere", adierazi du Del Valek.
Zikloaren helburu nagusietako bat musikan etorkizun handia duten gazteei entzule talde txiki samar baten aurrean arituz zuzeneko emanaldietara ohitzen joateko aukera ematea da; horregatik, diputatuaren esanetan, "ideia ona izan da gazte bekadunak programan sartzea lehen aldiz. Erakutsi dute sobera prestatuta daudela eta musika arloko etorkizuna direla".
Esaterako Umami taldeak emanaldia eskaini zuen uztaileko goiz eder batean Arte Ederren Museoko lorategietan; Jazzaldiko hasierako gonbidatuak izan ziren. Egun hartan jende asko hurbildu zen lorategietara, baita Senda ibilbidera ere, eta, hori dela eta, ezin da zehatz-mehatz jakin ziklo osoan zenbat ikusle izan diren guztira. Dena den, foru arduradunak esan du 1.100 entzule baino gehiago izan direla guztira, eta hori datu bikaina dela.
Informazio gehiago hemen: https://kulturaraba.eus/eu/-/conciertos-de-sabados-musicales
PROGRAMAZIOA
Tokia |
Eguna |
Programa/Artista |
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Urtarrilak 13 12:30 |
El pincel magiko ipuin musikala Iluna Producciones (Nafarroa) |
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Otsailak 3 12:30 |
Naisa Duo (Tarragona) Neus Plana, txirula eta gorputz perkusioa María Camahort, gitarra
|
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Martxoak 2 12:30 |
Vitoria Bentoy, saxofoia Pedro Aguinagalderomalde, pianoa (Pedro 2022ko bekaduna)
|
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Apirilak 6 12:30 |
Mentxu Pierrugues Susana García de Salazar (Araba) Pianoa lau eskutara |
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Maiatzak 4 12:30 |
Estibaliz Arroyo, sopranoa + pianoa (Araba) |
Gasteiz Arte Ederren Museoa edo zehazteke dagoen kanpoko lekua |
Ekainak 1 12:30 |
Maitasunak hamaika alderdi ditu. 2. zatia Montserrat Sánchez, sopranoa Txaro Martínez, aktorea XX, pianoa (Araba) |
Gasteiz Arte Ederren Museoa Antzinako Musika Astearen programa |
Irailak 7 12:30 |
Antzinako Musikaren Asteko kontzertua (ekitaldi horretako programarekin batera aurkeztuko da) |
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Urriak 5 12:30 |
Marina Manterola flauta (aurtengo bekaduna) (Araba) |
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Azaroak 9 12:30 |
Dúo Cubas Hondal (Cantabria) Marta, eskusoinua + Cristina, biolina |
Gasteiz Arte Ederren Museoa |
Abenduak 14 12:30 |
Dúo Arriaga (Bizkaia) Ander Marzana, pianoa Unai Sánchez Abad, biolontxeloa (Anderrek Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso du aurten) |