Foru Aldundia | 2023 11 23

Eskola kiroleko jarduera irekien programa berri bat aurkeztu da, 23 modalitaterekin

Kirol modalitate batzuen unean uneko jardueren askotariko eskaintza da. Edozein adingabek parte har dezake, dagokion kirol modalitateko eskola programan izena emanda dagoen ala ez kontuan hartu gabe.

 

Kirol modalitate desberdinak ezagutzeko aukera emango du, eta aldi berean hainbat kirol eta jarduera mota desberdinak egin ahal izango dira, eta ez soilik lehia izaera dutenak.

 

Jarduera Irekien Programak (23-24) kirol modalitate hauetako jarduerak eskainiko ditu: atletismoa, xakea, badmintona, beisbola, boxeoa, txirrindularitza, kirol egokitua, gimnasia, golfa, halterofilia, herri kirolak, hockeya, judoa, padela, irristaketa, euskal pilota, borroka, errugbia, squasha, tiro olinpikoa, mahai tenisa, arku tiroa eta boleibola.

 

Gasteiz, 2023ko azaroaren 23a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak "Eskola Kiroleko Jarduera Irekien Programa" aurkeztu du gaur. Jarduera programa berri bat da, eskola kirolaren programa osatzen duten kirol modalitate batzuetako unean uneko jardueren eskaintza zabala duena. Araban eskola adinean dagoen edonork parte har dezake, dagokion kirol modalitateko eskola programan izena emanda dagoen ala ez kontuan hartu gabe.

 

            Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Joseba Bujanda Kirol Zerbitzuko teknikariak aurkeztu dute gaur.

 

            Hasierako agerraldian jakinarazi nuen bezala, sailaren helburuetako bat da nagusiki hainbat kirol motatara bideratutako eskola kirolaren alde lan egitea. Kirol jarduera ez da soilik lehiaketara zuzenduko, emaitzen gainetik adiskidetasuna sustatu behar baita, eta haurren hezkuntza integralera bideratuko da. Horretarako, kirolerako sarbidea eta parte-hartzea berdintasun baldintzetan bermatu behar da, eta kirol modalitate eta ibilbide desberdinak ezagutzea ahalbidetu. Eta programa hau lan horren emaitza da "adierazi du foru diputatuak.

 

23-24ko Jarduera Irekien Programak kirol modalitate hauetako jarduerak eskainiko ditu: atletismoa, xakea, badmintona, beisbola, boxeoa, txirrindularitza, gimnasia, kirol egokitua, golfa, halterofilia, herri kirolak, hockeya, judoa, padela, irristaketa, euskal pilota, borroka, errugbia, squash, tiro olinpikoa, mahai tenisa, arku tiroa eta boleibola.

 

Programaren helburua hirukoitza da. Arabako adingabeek honako hauek egin ahal izatea lortu nahi da:

  • Hinbat kirol modalitate ezagutzea, etorkizunean praktikatu edo izena eman ahal izateko.

  • Ikasturte berean hainbat kirol modalitate praktikatzea, eskola kirolaren multikirolaren filosofiarekin bat etorriz.

  • Hainbat jarduera motatan parte hartzea, eta ez soilik gehiengoaren lehiaketa izaerako jardueretan.

 

Jarduera mota:

Programak bost jarduera mota izango ditu.

  • Jolas jaiak: Unean uneko jarduera, kirol modalitate baten inguruan hainbat jarduera/jolas biltzen dituena. Modalitatean izena eman eta izena eman ez duten ikasleentzat. Jolaserako eta kirol modalitate bat ezagutzeko helburuarekin (lehen harremana).

  • Lehiaketa jaiak: Lehiaketa izaerako unean uneko jarduera, eskola lehiaketa ofizialaren egutegian sartuta EZ dagoena. Oro har, lehiaketa ofiziala ez den beste lehiaketa formatu batean egoten da sartuta. Modalitatean izena eman eta izena eman ez duten ikasleentzat. Jolaserako eta kirol modalitatea ezagutzea du helburu (lehen harremana).

  • Hastapen ikastaroak:Oro har edo lurralde/genero/adinen batean berariaz hedatzeko beharra duen kirol modalitate baten irakaskuntza jarduera (hastapena) Egun bat baino gehiago iraun dezake. Jarduera edo modalitate batean izena eman EZ duten ikasleei zuzenduak. Kirol modalitate bat ezagutzea dute helburu  (lehen harremana).

  • Lehiaketa irekiak:Eskola egutegiko lehiaketa jarduera, dagokion modalitatean izena eman ez duten pertsonek parte hartzeko aukera ematen duen parte-hartze ibilbidean kokatua.Kirol modalitatea ezagutzea (lehen harremana) eta lehiaketa batean parte hartzea du helburu.

  • Topaketa irekiak:Jarduera ez-lehiakorra, kasuan kasuko modalitatearen urteko jardueren egutegikoa, izena eman ez duten pertsonek parte hartzeko aukera ematen duena.Jolaserako eta kirol modalitatea ezagutzeko helburuarekin (lehen harremana).

 

Hartzaileak, antolatzaileak eta datak

Jarduera Irekien Programa, 2023-2024 eskola kirolaren programa bezala, 2017tik 2008ra bitarteko ikasleentzat da. Nolanahi ere, jarduera bakoitzak zehaztuko du adingabeek zenbat urte izan behar dituzten izena eman ahal izateko. 

 

Eskola jardueretan parte hartu ahal izango dute dagokion modalitateko eskola kirolaren programan izena eman ez duten eta izena eman dutenek. Salbuespen izango dira hastapen ikastaroak, modalitate horretan izena eman EZ duten ikasleek soilik parte hartu ahal izango baitute.

 

Jarduerak Arabako kirol federazioek antolatzen dituzte, federazio horiek Arabako Foru Aldundiarekin dituzten eskola kiroleko hitzarmenen bidez. Kirol federazioek zuzenean antola ditzakete jarduerak, beren baliabideen bidez, edo beren klubetako baten esku utz ditzakete.

 

2023-2024 eskola kirolaren programak hartzen duen aldi osoan egingo dira jarduerak (irailaren 7tik ekainaren 21era).

 

Jardueretan izena eman ahal izateko, jarduera bakoitzaren informazio fitxan dagoen inskripzio inprimakia bete behar da. Inprimakia jarduera antolatzen duen kirol federazioari zuzenduko zaio automatikoki.

 

Jarduerak, oro har, doakoak izaten dira edo kostu sinbolikoa izaten dute bertaratze berme gisa. Jarduera bakoitzaren informazio fitxak zehazten du jarduera doakoa den edo kostua duen. Kostua duten jardueretan, inskripzioen % 10 gorde beharko da, gutxienez, kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleek parte hartzeko (kosturik gabekoa edo prezioaren % 75erainoko murrizketarekin). Izaera hori egiaztatzeko, gizarte laguntzak (GLL, DSBE, etab.) jasotzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

 

Informazio guztia hemen: https://web.araba.eus/eu/kirola/eskola-kiroleko-jarduera-irekien-programa.

Actividades: https://web.araba.eus/eu/kirola/jarduera-irekiak (berriak gehitzen joango dira)

Foru Aldundia Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi

Ekintza-programa

Jaitsi