Berdintasuna eta Giza Eskubideak | 2021 09 11

LAIAren 5. Urteurrenean, Ramiro Gonzálezek berretsi egin du Foru Aldundiak berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen alde hartutako konpromisoa

  • Foru Aldundiak sustatutako Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako LAIAeskolak, sortu zenetik, udalek, toki erakundeek, emakume elkarteek, mugimendu feministek eta lurraldeko beste erakunde batzuek parte hartzea lortu du, eta haren lekukoa hartu du orain LAIAk.
  • LAIAren erronkak dira, besteak beste, emakume gazteengana hurbiltzea, gizonekin eta maskulinitateekin egiten den lana indartzea eta haur eta nerabeentzako eta adineko pertsonentzako jarduerak diseinatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 11. Ramiro González Arabako diputatu nagusia Amurrion izan da gaur, LAIAeskolaren 5. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskola duela bost urte sortu zuen Foru Aldundiak, eta hemendik aurrera LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Lurralde Sarea izango du izena.

Bost urte hauetan, LAIAeskolak 1.000 jarduera baino gehiago antolatu ditu Araban, eta honako hauek eskolan parte hartzea lortu du: tokiko erakundeak, emakumeen elkarteak, mugimendu feministak eta emakumeen jabekuntzarako eta berdintasunerako lurralde sare bat eraikitzen lagundu duten beste hainbat erakunde.

LAIAeskolak egindako lana goraipatu du Ramiro Gonzálezek: “Arabako Lautadan jaio eta bost urtera, gainerako kuadrilletaraino eta Trebiñuko enklaberaino iritsi zarete, eta feminismoaren eta berdintasunaren erreferentzia gara Araban. Gaur, LAIAren bidez bide horretan jarraitzera animatzen zaituztet, Arabako gizartea bidezkoa izan dadin, indarkeriarik gabekoa, eta pertsona guztien eskubideak eta aukerak berdin errespeta daitezen”.

Arabako lurralde osoan hedatzeaz eta finkatzeaz gain, eskolak bere erronka nagusietako bati egin behar izan zion aurre pandemia zela eta: nahi gabeko isolamendua, topaketak eta aurrez aurreko jarduerak egitea eragotzi zuena. Oztopo horren aurrean, LAIAeskolak plaza birtual bat sortu zuen, LAIAplazara izenekoa, Internet bidez eta ahal zen neurrian nahi gabeko isolamendua arintzeko, eta foroak, hitzaldiak eta beste jarduera integratzaile batzuk egiten jarraitzeko.

“Pandemiak gogorarazi digu gizarte desorekatu batean bizi garela, eta funtsezko lanak ez direla funtsezkotzat hartzen. Eta gogorarazi diguzue eta gizarteari esan diozue lan horiek aitortuak eta duinduak izan behar dutela eta gizonen erantzunkidetasuna behar dutela”, zehaztu du diputatu nagusiak.

2016an sortu zenetik, LAIAeskola ekimen berriak antolatzen joan da: LAIAplazara, konfinamenduan sortutako partaidetza foroa; LAIAartea, zeinak kanpainak, lehiaketak eta sormen ekintzak antolatu baititu, eta LAIAbirtuala, online komunikaziogunea.

Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak LAIAeskolaren 5. urteurrenaren ospakizunari hasiera emateko ekitaldian nabarmendu duenez, “Eskolak izaera integratzailea du Araba parekide eta justu baten aldeko borroka feministan; LAIA bezalako sareak funtsezkoak dira egiturazko arazo bati, desberdintasunari, erantzun kolektiboa eta antolatua emateko”.

LAIAk berariaz erantzuten die lurraldeko kuadrilla, kontzeju eta udalerri bakoitzean dauden tokiko errealitate eta beharrei, ekintza guztiak ildo estrategikoetan kokatzen dituen lurralde estrategiaren bidez. Proposamen horrek esku hartze estrategikoa eskaintzen du lurralde historikoan, eta modu espezifikoan ezarri daiteke, tokiko berezitasunak kontuan hartuta.

LAIAk bat egingo du foru erakundeak berdintasunaren arloan dituen ildo estrategikoekin eta Arabako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planarekin, eta Foru Aldundiko Berdintasun Zerbitzua lantzen ari den V. planaren esparruan identifikatzen diren ildo berriak ere hartuko ditu kontuan.

Gaur Amurrio Antzokian egindako ekitaldian, LAIAren irudi berria, www.laia.eus, aurkeztu dute, baita antolakuntzaren erronka berriak ere, besteak beste:

  • Emakume gazteengana hurbiltzea

  • Gizonekin eta maskulinitateekin egiten den lana indartzea

  • Lurraldean zeharkakotasuna garatzea eta bultzatzea, Arabako berdintasun politikak sustatzeaz arduratzen diren beste proiektu eta arlo batzuekiko lan estrategikoaren bidez

  • Premia espezifikoak edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteetara hurbiltzea

  • Emakumeen antolaketa bultzatzeko eta elkar laguntzeko eta indartzeko sareak sortzeko proposamenak sustatzea

  • Laiaren proiektuak eta kuadrilla eta/edo udaletako berdintasun foroak bateratzeko proposamen estrategikoak egitea

  • Haur eta nerabeentzako eta adineko pertsonentzako jarduerak diseinatzea

LAIAren 5. urteurrena

Ekitaldia belaunaldien arteko elkarrizketa mahai batekin amaitu da. Mahai horretan parte hartu dute Begoña Etayo ekintzaile feminista eta La hora violeta irakurketa kluben koordinatzaileak; Mª Carmen Rodríguez Gaubeako mediku eta Laukia Mujeres en acción elkarteko ordezkariak eta Paula Fernández sare sozialetako “body positive” aktibistak.

LAIAeskolaren 5. urteurrenaren ospakizuna amaitzeko, Juan Urrutia parkean Hip-Hop Festa izeneko ekitaldia antolatu dute, bereziki gazteentzat, eta, bertan, La Furiak dinamizatuta, emakumezko rap kantarien hainbat talde ezagunek hartu dute parte, hala nola Las Ninyas del Corrok, Elvirusek, Janire Duartek eta Lara Pemánek.

Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Diputatu nagusia

Prentsa oharra

Jaitsi