Foru Aldundia | 2025 07 01

Ramiro González: “Gaur egun Araba aukera ugariko lurraldea da, oparoagoa, modernoagoa eta bateratuagoa, eta bultzatzen jarraituko dugu aro berri batera heltzeko”

Arabako Foru Aldundiak 2023-2027 gobernu programako neurrien % 91,5 gauzatu ditu edo abian jarri ditu

Foru Aldundiak lurraldearen erronkei erantzun nahi die, eta horretarako bost ardatz estrategikoren eta lehentasuneko 105 jarduketaren inguruan antolatu du bere jardun politikoa
 

Gasteiz, 2025eko uztailaren 1a. Gaur, Aldundiaren Jauregian egindako prentsaurreko batean, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek Foru Gobernuaren burutzan eman dituen hamar urteen balantzea egin du. Hamar urteren buruan, esan duenez, “Araba aukera ugariko lurraldea da: oparoagoa, modernoagoa, erakargarriagoa, bateratuagoa eta irekiagoa”. Gonzálezek esan du prest dagoela eraldaketa horren buru izaten jarraitzeko, “begirada urrunean ipinita eta asmoa partekatuta”.

“Niretzat ohore handia izan da buruzagi izatea Arabarentzat berebizikoa izan den aldi honetan. Erabateko eraldaketak bultzatu ditugu eta erronka handiei egin diegu aurre. Nire konpromisoa da bultzatzen jarraitzea aro berri batera heltzeko”, adierazi du.

Agerraldian zehar diputatu nagusiak etapa honetako lorpen handienak aipatu ditu, eta esan du ardatzak izan direla erakundeen egonkortasuna, elkarrizketa politikoa eta lurraldearen eraldakuntza sustatu duen buruzagitza eredua.

Akordioak eta begirunea nagusi Arabako giro politikoan
Gonzálezek esan duenez, Araban sendotu da “begirunean eta desberdinen arteko akordioetara iristeko gogoan oinarritutako politika”. Gogoratu du joan diren hamar urteetan VOX ez beste alderdi politiko guztiekin lortu direla akordioak; gainera, azpimarratu duenez, EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko gobernua “Arabako gizartearentzat onuragarriena da”.

“Ondoz ondoko hiru gobernu programa onetsi ditugu, eta aurrekontuak, zerga arauak eta erakunde erreformak ere bai, eta denak adostasunetik eta inklusiotik”, adierazi du.

Ekonomia bultzatzen eta buruzagi logistikan
Egin duen balantzearen zutabeetako bat ekonomia, enplegua eta dibertsifikazioa bultzatzea izan da. “Enpresek gertu eduki gaituzte, aldi zailetan laguntza eman dugu eta gure ekoizpen-sarean behar ziren aldaketak sustatu ditugu”, azaldu du.

Arabak enplegu betera hurbiltzea lortu du: % 6 inguruko langabezia eta 2015ean baino 25.000 pertsona gehiago afiliatuta Gizarte Segurantzan. Hazkunde horrekin batera zergen bidez gehiago biltzen da: 2015ean 2.000 milioi euro bildu ziren eta aurreikuspenaren arabera 2026an 3.000 milioi euro bilduko dira, zergetan aldaketa handirik ez egin arren.

Logistikara etorrita, Aldundiak hauen alde egin du: ARASUR garatzea, Forondako aireportuko zama-lanak hobetzea, inbertsioak erakartzea (DHL, LIDL, Mercadona, Eroski) eta Amazonek lurra erostea. Gainera, Jundizko geltoki intermodalaren lehen fasea desblokeatu eta aurreratu da. Diputatu nagusiaren hitzetan, “azpiegitura hori giltzarria da Arabaren lehiakortasunerako”.

Arabako ekonomia berria
Aldi berean, Foru Aldundiak ekonomia dibertsifikatzeko estrategia bultzatu du eta horri esker sektore estrategiko berriak sortu dira:

•    Biozientzietan, Pharmalab 4.0 abian jarri da eta i+Med-i hazten lagundu diogu: Miñaoko egoitza berrian 500 lanpostu zientifiko sortzea aurreikusi dute. “2016an bisitatu nuenean, bost pertsona baino ez ziren”, gogoratu du Gonzálezek.
•    Sektore aeroespazialean, AVS Next Arabako Teknologi Parkean ezartzea lortu da.
•    Teknologia digitalean, datu zentroak modu antolatuan instalatzea bultzatu da. Merlin Properties-ek ARASUReko datu zentroaren lehen fasea aktibatu du. Eragiketaren guztirako inbertsioa 3.000 milioi euro izatea aurreikusi dute.
•    Eraikuntzan, EGOIN (zurezko eraikuntza soluzio industrializatuak) Legution ezartzea sustatu da.
•    Energiaren arloan, apustu sendoa egin dugu CIC energiGUNEren alde; bertan egoera solidoko bateriak egingo dituen lantegia garatzen ari dira.
•    Ikus-entzunezkoen sektorean, ekosistema bat sortzea bultzatu dugu, eta dagoeneko hasita dago jarduera ekonomikoko lerro modura sendotzen.

Industria tradizionala eta tokiko enpresei laguntzea
Diputatu nagusiak esan du Aldundiak etengabeko sostengua ematen diola industria tradizionalari; izan ere, haren hitzetan, “lan egin dugu 1.000 milioiko inbertsioa bideratzeko Mercedes-Benz-en zabalkuntzarako, eta Automozioko Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (BAM) sortzea sustatu dugu; udazkenean hasiko da lanean”.

Gainera, Talgo erosteko eragiketan parte hartu dugu; uste dugu laster itxiko dela. Egoera larrietan (oraintsu LEAn izan dena modukoetan) “Aldundia da hurbilen dagoen erakundea: bera da lehenengo mugitzen dena arazo bat dagoenean eta arazoren bat daukatenek bertara jotzen dute lehenen. Hamar urte hauetan ezinbesteko bihurtu gara larri dabiltzan enpresentzat”.

Hamar urte aurrera zaintzen arloan
Gizarte politiketan, Ramiro Gonzálezek esan duenez, “Arabako zaintzen ereduan iraultza gertatu da: GOFEren aurrekontua 174 milioikoa zen 2015ean eta gaur egun 270 milioikoa da”. Arabarren egoitza zabaldu da eta berarekin eredu publiko-sozial berria sortu da, zaintzaileen, haien ahaideen eta profesionalen egiazko beharrizanetan oinarritua.

“Gaur egun, Araba da pertsonako gehien inbertitzen duen lurraldea (1.000 euro baino gehiago biztanleko urtean) eta finantzaketa publikoa jasotzen duten egoitza plazen portzentaje handiena daukana", esan du.

Azpiegiturak, jasangarritasuna eta etxebizitza
Arabako agintariak azpimarratu du eztabaida politikoaren ondorioz blokeatuta egon diren proiektu estrategiko batzuk onbideratu direla, esaterako Saratxoko saihesbidea eta N-124 errepidearen erreforma, eta akordioa lortu dela gaitasun handiko bideetako saria ordaintzeko ereduaz.

Etxebizitzaren arloan, erosketa zein alokairua sustatzeko politika aktiboa aplikatu da, eta energiaren arloan energia berriztagarrien alde egin da, baina ondo antolatuta. Laster hasteko dira Labrazako parke eolikoaren obrak, eta hurrengo Ekienea proiektu fotovoltaikoari ekingo diogu.

Laguntza lehen sektoreari eta Arabako Errioxako erronkak
Lehen sektoreari etengabeko laguntza eman zaio. Lehentasuna eman zaio belaunaldi txandaketari, batez ere landa eremuetan. Arabako Errioxa dela eta, “oraindik ez da lortu bertako ardoak hobeto bereiztea”, onartu du diputatu nagusiak, baina haren hitzetan “hori ezinbestekoa da eskualdearen etorkizuna bermatzeko, mundu osoan ardoaren kontsumoak behera egin du eta”.

Lurralde eredu berria abian
Hamar urte hauetan Foru Aldundiak asko hobetu du toki erakundeen finantzaketa, eta herritarren alde jarduteko duten gaitasuna sendotu du. “Lurralde orekatua, polizentrikoa eta denetarikoa bultzatu dugu, kohesioa galde gabe etorkizunera begira dagoena”, adierazi du.

2023-2027 gobernu programa: burutzapena aurreratuta eta ikuspegi partekatua
XI. legealdiaren erdialdean gaudela, Ramiro Gonzálezen hitzetan “Arabako Foru Aldundiak 2023-2027 gobernu programako neurrien % 91,5 gauzatu ditu edo abian jarri ditu”. Plan horretan bost ardatz daude:

1.    Araba lehiakorra eta berritzailea.
2.    Araba kohesionatua eta inklusiboa.
3.    Araba berdea eta planetarekin konprometitua.
4.    Araba orekatua, polizentrikoa eta anitza.
5.    Araba ondo gobernatua.

Ardatz horietan 35 helburu eta lehentasuneko 105 jarduketa biltzen dira, eta horiek, diputatu nagusiaren arabera, “ondo erantzuten diete egungo inguruabarrei, Arabako gizartearen erronka nagusiei heltzen diete eta lurraldearen ereduaren ikuspegi partekatua zehazten dute”.

Arabaren etorkizunerako bidean buruzagi izateko konpromisoa berrituta
Amaitzeko, Ramiro González diputatu nagusiak konfiantza eta ardura azpimarratu nahi izan ditu: “Oinarriak finkatuta daude. Bidea ezarrita dago. Aurrera egingo du buru-belarri. Araba eraldatu dugu eta aurrera egiten jarraituko dugu, gure lurraldea puntakoa izan dadin bizi kalitatean eta aukera sorkuntzan”.

Gaur goizean Gobernu Kontseiluak egin duen bilkuran bere taldeko kideei eskatu die legealdiaren bigarren erdian ere mantendu dezatela eraldakuntzarako gogoa. “Oso harro nago lortu dugunaz, baina oraindik asko daukagu egiteko. Araba munduko lurralde aurreratuenen artean egon behar da. Ildo horretan bultzatzen jarraituko dugu”, esan du amaitzeko.
 

Foru Aldundia Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Gizarte Politikak Instituzionala Diputatu nagusia Ingurumena Ekonomia garapena Berrikuntza

Prentsa oharra

Jaitsi