Foru Aldundia | 2022 04 28

Ramiro Gonzálezek Eduardo Anituari, “ekintzailetza eta talentuaren ereduari, eta bere lurraldearekiko konfiantzazkoari” Arabako Domina eman dio

  • Foru Aldundiak osagile eta zirujau ospetsuari eman dio saria, San Prudentzio eguna dela-eta, pandemia dela eta azken bi urteetan ospatu ezin izan den Arabako gizarteari egindako aurtengo harrera ofizialean

  • Diputatu nagusiak “irmotasunaren” aldeko apustua egin du Arabak behar dituen eraldaketak aurrera eramateko eta “gizartearen adostasun zabala lortzeko”, baita “estremismoei eta populismoei” aurre egiteko ere

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilak 28. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek lurraldeko saririk garrantzitsuena, Arabako domina, Eduardo Anitua doktoreari eman dio gaur goizean. Sari ematea, lurraldeko patroi San Prudentzio jai-egunean, Arabako gizarteari egindako harreraren harira egindako ekitaldi solemne batean burutu da. Sari edo golardo honekin, Arabako Foru Aldundiak ikertzaile hau aintzatesten du, “lan, ahalegin, ekintzailetza eta talentuaren eredu bat izateagatik, lankidetzakoa eta lurraldearekiko konfiantzazkoa, eta, aldi berean, munduari begira jartzen den» pertsonari, azaldu du diputatu nagusiak bere hitzetan.

Eduardo Anitua ospe handiko mediku eta zirujaua da, zeinak uztartzeaz gain ikerketa zientifikoa, BTI Biotechnology Institute-ren sortzaile eta zuzendari zientifiko gisa, eta praktika kliniko pribatua, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Birsortzailearen eta Ahoko Inplantologiaren Unibertsitate Institutua ere zuzentzen baitu, eta bere izena daraman fundazioaren buru ere bada.

Munduan ezaguna da bioinplantologiako eta ehunen birsorkuntzako tekniken garapenean aitzindaria izateagatik, baita Endoret hazkunde faktoreetan aberatsa den plasmaren teknologiaren egilea izateagatik eta hura medikuntzako hainbat arlotan aplikatzeagatik ere; hain zuzen ere, hauexetan: ahoko eta aurpegi masailetako kirurgia, ortopedia, kirol medikuntza, dermatologia, medikuntza estetikora eta, berrikiago, oftalmologia, ugalketa medikuntza eta kirurgia orokorra. Modu horretan, urtean milaka gaixoen bizi kalitatea hobetzen laguntzen du.

Arabako Foru Aldundiak ahalegin eta konpromiso hori aitortu dio Anitua doktoreari Arabako domina emateko orduan, batez ere inplantologian eta medikuntza birsortzailean egindako ikerketa-, azterketa- eta dibulgazio-lan luze eta paregabeagatik. Era berean, pertsonen zerbitzura dagoen espiritu berritzailea nabarmendu nahi izan da, bai eta haien osasuna eta bizi-kalitatea hobetu izana ere. Hori dela eta, nazioan eta nazioartean Arabako lurraldeari, ospe handiena eman dion pertsonetako bat izan da, bertan bizi eta garatzen baitu bere lana.

ARABA DOMINA / MEDALLA DE ALAVA

Artiumen eta Arabako gizartearen ordezkaritza baten aurrean egindako aurtengo ekitaldiak San Prudentzio eguneko harrera tradizionala berreskuratu du, pandemiaren ondorioz azken bi urteetan egin ezin izan den hori. Koronabirusak markatutako azken urte hauetan, “zientziaren, ikerketaren eta medikuntzaren papera modu berezian baloratu dugu” ziurtatu du diputatu nagusiak. “Gaur, ganorazko eta merezitako omenaldia egiten diogu esparru hauetan nabarmen gailentzen den pertsona bati. Eduardo Anituarengan, Arabatik bertatik, bere jaioterritik mundua hobetzeko gai den pertsona ameslari eta ekintzailearen adibide ezin hobea aitortzen dugu. Talentua, berrikuntza eta ekintzailetza dira gaur balioesten ditugun ezaugarriak; horiek guztiak ere ezinbestekoak direnak Arabako etorkizunerako”, adierazi du Ramiro Gonzálezek.

Diputatu nagusiak pandemiatik eta, geroago, Ukrainaren inbasiotik eratorritako “garai latzak” gogoratu ditu, “gizarte osoari ziurgabetasun-kutsua ematen dioten” horiek.

“Arabak indarguneak eta garai horiek gainditzeko gaitasuna baditu -nabarmendu du Arabako agintariak-. Digitalizazioa, deskarbonizazioa, berrikuntza eta gure ekoizpen-sarearen dibertsifikazioa, energia sortzea, krisi demografikoari erantzutea eta talentua erakartzea eta mantentzea ez dira aukera bat. Gizarte gisa hazten jarraitu nahi badugu eta bizi-kalitate handieneko lurraldeen rankingean posizioak igo nahi baditugu, behartuta gaude egoera hauei aurre egitera. Aldaketa eta eraldaketa hauetan aitzindari izateak gure etorkizuna bermatzea dakar. Guzti hauei aurre ez egiteak konprometitzea dakar. Ausartak izan behar dugu, erabakiorrak, ekintzaileagoak, malguagoak, orain arte ibili gabeko edo behar beste ibili gabeko bideak bilatu behar ditugu”, gaineratu du bere hitzaldian.

“Moderazioa, adostasuna eta irmotasuna”

Ramiro Gonzálezek “Araba oparo batek moderazioan, akordioan eta irmotasunean oinarritu behar duela” ere azpimarratu du. “Irmotasuna eraldaketa hauek aurrera eramateko orduan, adostasun sozial oso zabala ematen baitute, baina baita kasu batzuetan oposizio minoritarioa eta erradikala ere. Gutxiengoa ez zaio gehiengoari gailendu behar zaratatsuagoa eta erradikalagoa izateagatik”.

Irmotasuna “gure inguruan ikusten ditugun estremismoen, erradikaltasunen eta populismoen aurrean ere, hurbil baitaude eta ondorio negargarrien mehatxu larria baitira. Gizarte bakar bat ere ez dago populismoaren edo estremismoaren mende geratzeko arriskutik libre -ohartarazi du-, baina Araba bizikidetzaren, moderazioaren eta itunaren lurraldea da”.

Foru Aldundia Instituzionala

Prentsa oharra

Jaitsi