Sei proiektuk jasoko dute ostegunean Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2023 aintzatespena - arabapress
Sei proiektuk jasoko dute ostegunean Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2023 aintzatespena
Afaraba elkarteari ohorezko aintzatespena egiteaz gain, honakoek garatutako proiektuak nabarmendu nahi dira: Ihesaren aurkako Batzordea, Indesa, Helios Zentro Okupazionala, Gasteizko Udala, Ajuria egoitza eta San Juan de Dios ospitalea
Aintzatespen horiekin, Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak ekimenen balioa nabarmendu nahi du eta gizarte erakunde guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatu

Gasteiz, 2023ko ekainaren 26a. Sei proiektuk jasoko dute ekainaren 29an, ostirala, Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2023 aintzatespena, Arabako Foru Aldundiak sutatua. Proiektuak Ihesaren aurkako Batzordeak, Indesak, Helios Zentro Okupazionalak, Gasteizko Udalak, Ajuria egoitzak eta San Juan de Dios ospitaleak eta Afarabak garatu dituzte hainbat kolektibotan, hala nola adimen desgaitasuna duten pertsonen, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen, dementzia duten adinekoen eta prostituzioan ari diren emakumeen kolektiboetan.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak, horrela, erakunde horien lan ona aitortuko du, sektorean lan egiten dutenen artean ezagutzera eman eta aintzatetsi daitezkeen ekimen berritzaileak abian jartzeko eta gizarte erakunde guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatzeko gogoa sortarazteko asmoz.
Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiak dira iaz Arabako Lurralde Historikoan egin diren eta, era berean, baliabide, zerbitzu eta programetan erabiltzaileen, familien eta profesionalen bizi kalitatea sustatzea bultzatu duten proiektu, jarduketa eta esperientziak, zeinek afektua eta emozioak kontuan izan baitituzte, eta, batez ere, pertsona zaurgarri eta hauskorrenei laguntzeko egin baitira.
Aintzatespenen sariak ekainaren 29an emango dira, ostegunean, Gasteizko Europa Jauregiko Francisco de Vitoria Auditoriumean, eta ekimen aintzatetsietan parte hartzen duten hainbat kolektibok parte hartuko dute. Aurretik, Soziologian doktore eta EHUko irakasle Imanol Zuberok hitzaldi bat emango du, "Etengabe aldatzen ari den gizarte batean esku hartze soziala egiteko orientabideak" izenekoa. Ekitaldira joan nahi duten gizarte zerbitzuetako profesionalek 28ra arte eman dezakete izena hemen.
Hauek dira BeBai 2023 aintzatespena jasoko duten proiektuak:
-
Zentro okupazionalen erabiltzaileentzako baratze ekologikoak.
Indesa 2010 eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen arteko lankidetza proiektu bat da, Arbuluko instalazioetan gauzatzen dena, adimen desgaitasuna duten eta Gasteizko zentro okupazionalen erabiltzaileak diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, ingurumena errespetatzen duten nekazaritza jarduerak eginez.
-
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako arreta, esku-hartzea eta laguntza hobetzeko prozesua.
Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Sailak hausnarketa bat sustatu zuen, udal gizarte zerbitzuetan indarkeria matxistaren biktimei ematen zaien arreta, laguntza eta esku-hartzea hobetzeko. Lan horren ondorioz, hainbat ekimen gauzatu ziren: jardunbide egokien eskuliburua egitea; profesionalei prestakuntza ematea; epaitegira bisitak egitea; hobekuntzak egitea udal erregistroko sistema informatikoan; aholkularitza juridikoa eskaintzea, eta indarkeria matxistaren biktima diren eta gaur egun sarbide baldintzak betetzen ez dituzten emakumeentzako eta seme-alabentzako psikohezkuntza programa baten lizitazioa, besteak beste:
-
‘Deseando abrazos’ poesia proiektua
2016az geroztik garatutako proiektua da, eta adimen desgaitasuna izan eta Helios zentro okupazionalaren erabiltzaile direnen eta hango talde profesionalaren adierazpen poetikoa sustatzen du. Gaitasun pertsonala indartzea, gizarte eta lan giroa hobetzea eta parte-hartze soziokomunitarioa hobetzea ahalbidetu du. Liburua iaz argitaratu ondoren, aintzatespen soziala eta erabiltzaileen autoestimuan eragina izatea lortu zen.
-
Antzerki laborategia: ‘Nuestro poder en el centro. Del cuerpo a la acción social concreta’.
Arabako Hiesaren Aurkako Herritarren Batzordeak lankidetza hitzarmena du GOFErekin, Nahikari programaren bidez, prostituzioaren arloan pertsonei arreta soziala eta laguntza emateko. Bere jardueretako bat antzerki laborategi bat sortzea izan da, 11 lagunek antzeztutako ‘Silencio’ piezarekin.
-
Laztandu: Dementzia oso aurreratua eta behar aringarriak dituzten pertsonei laguntzea.
Ajuria foru egoitzak eta Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Arreta Psikosozialeko Taldeak abian jarri dute Laztandu babesteko ekimena, dementzia egoera aurreratuan dauden pertsonekin elkarreragina izatea helburu duena.
-
Aire nuevo-Haize Berriren 25 urte
Afaraba Alzheimer eta beste dementzia batzuen elkarteak BeBai ohorezko aintzatespena jasoko du Haize Berri psikoestimulazio zentroaren 25 urtetik gorako ibilbideagatik. Zentro horrek, GOFEren laguntzarekin, fase goiztiarretan narriadura kognitiboa edo dementzia duten eta dagoeneko errutina aktiborik ez duten pertsonak artatzen ditu, haien eta senideen bizi kalitatea hobetzeko.