Sei proiektuk jasoko dute datorren astean Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2025 aitorpena - arabapress
Sei proiektuk jasoko dute datorren astean Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2025 aitorpena
Hauexen proiektuak saritu dira: Ikiriki eta Azirkarte Gizarterako Elkartea, Aspace Araba, Orobide egoitza, Osasun Mentaleko Jardunaldien Batzordea, Aguraingo Udala eta Asafes, IRSE Araba eta Sartu Araba, Gasteizko Udala eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea

Gasteiz, 2025eko ekainaren 11. Sei proiektuk jasoko dute hilaren 17an, Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2025 aitorpena, Arabako Foru Aldundiak sustatua. Proiektuak hauexek garatu dituzte: Ikiriki eta Azirkarte Gizarterako Elkartea, Aspace Araba, Orobide egoitza zentroa, Osasun Mentaleko Jardunaldien Batzordea, Aguraingo Udala eta Asafes, IRSE Araba eta Sartu Araba, Gasteizko Udala eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea. Hainbat kolektiboren bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak dira, hala nola desgaitasuna duten pertsonena, gizarte bazterketako egoeran dauden emakumeena, familiena eta adinekoena eta haien familiena.
Hartara, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak kolektibo eta erakunde horien jardunbide egokia aitortuko du, sektorean lan egiten dutenak oro har ezagutuak eta aitortuak izan daitezkeen ekimen berritzaileei ekitera motibatzeko eta gizarte erakunde guztietan ikerketa kultura sustatzeko.
Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiak dira iaz Arabako Lurralde Historikoan egin diren eta, era berean, baliabide, zerbitzu eta programetan erabiltzaileen, familien eta profesionalen bizi kalitatea sustatzea bultzatu duten proiektu, jarduketa eta esperientziak, zeinek afektua eta emozioak kontuan izan baitituzte, eta, batez ere, pertsona zaurgarri eta hauskorrenei laguntzeko egin baitira.
Aintzatespenen sariak ekainaren 17an emango dira, Gasteizko Europa Jauregiko Francisco de Vitoria Auditoriumean, 11:00etan. Ekitaldira joan nahi duten gizarte zerbitzuetako profesionalek hemen eman dezakete izena. Hauek dira BeBai 2025 aitorpena jasoko duten proiektuak:
• Zirku eta asto ibilaldia. (Ikiriki eta Azirkarte Gizarterako Elkartea)
Zirku sozialeko gizarte eta hezkuntza ibilbideko proiektua da, astoekin lagundua, eta azken bost urteetan lurraldeko udalerriekin batera garatu da. Dibertsitate funtzionala duten 18 gaztek, Eskolapioetako 2. zikloko egitekoen ikaskuntzako geletakoak edo haiei lotutakoak, zirku sozialeko bira bat egiten dute astoekin batera, Arabako landa inguruneko herri txikietan zehar, eta arreta bizikidetzan jartzen dute.
• Arte hurbila, Aspace Arabako pintura taldea
Garun paralisia duten Pertsonen Arabako Elkarteko pintura talde batek (Aspace) pintzelen bidez adierazi ditu bere kezka artistikoak. Talde hori garun paralisia edo antzeko asaldurak dituzten eta % 92ko desgaitasuna baino gehiago duten zortzi pertsonak osatzen dute. Obrak hainbat erakusketa aretotan egin dira (San Prudentzio Fundazioa, Araba Aretoa, Dendaraba, gizarte etxeak, etab.).
• Familien parte hartzea lotura emozionalak indartzeko (Orobide egoitza zentroa-Lorategien taldea. Murgia-Zuia)
Proiektua Orobide egoitzako unitate batean egin da, non narriadura kognitiboa eta mugimendu narriadura aurreratua duten adinekoak bizi baitira. Talde saioen bidez, zentzumen estimulazioa egiten da, senideek lagunduta. Saio bakoitza gai sentsorial baten ingurukoa da (itsasoa, basoa, etxeko oroitzapenak...), argiztapena, usainak, testurak edo ikusizko proiekzioak dituen espazio girotu batean. Horren ondorioz, egoiliarren gogo aldartea hobetzen da, baita antsietatea eta asaldura ere, eta atxikimendu loturak indartzen dira. Familiak ere pozik egoten dira egoiliarrekin lortutako loturagatik.
• Egokitzen, gurasotasun positiboko programa (Gasteizko Udala)
Gasteizko Udaleko Haurren eta Senitartekoen Zerbitzuak Egokitzen programa garatzen du, banantze edo dibortzio gatazkatsuetan gurasotasun positiboa lantzeko. Helburua da laguntza ematea banantze egoera gatazkatsuan dauden eta seme-alabak instrumentalizatzeko arazo arin edo moderatuak dituzten familiei. Egokitzen programak 94 guraso, 30 haur, 23 aitona-amona eta berreratutako familietako edo bikote berrietako 16 pertsonari lagundu die.
• Aguraingo Osasun Mentaleko Jardunaldiak (Osasun Mentaleko Jardunaldien Batzordea, Aguraingo Udala, GOFEren Prebentzio Komunitarioa eta Asafes)
Jardunaldi horiek Agurainen egiten dira 2013tik, haiek antolatzen dituen batzordearen, udalaren, GOFEko Prebentzio Komunitarioko teknikariaren eta Asafesen (Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea) eskutik, komunitatearen osasuna hobetzeko proposamen koordinatu bat eskaintzeko. Jardunaldiak Aguraingo biztanle gehienengana iritsi dira, eta urte hauetan 4.000 pertsona bertaratu direla kalkulatu da.
• Bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan dauden emakumeen arteko ezagutza trukea (IRSE Araba, Sartu Araba eta GOFE)
Joan den abenduan, Arabako hainbat kuadrillatako eta askotariko jatorritako ehun emakumek, zeinak bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan egotearen diagnostikoa baitzuten, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko topagune batean parte hartu zuten, ahalduntze feministako prozesuak errazte aldera. Azken urteotan Oinez proiektuan lanean aritu diren eta arlo espezifikoak landu zituzten hainbat txoko sortu izana nabarmendu zen. Proiektu hori Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen programa bat da, IRSE Arabaren eta Sartu Arabaren lankidetzarekin.
BeBai 2025 aitorpenak emateko ekitaldiak balioko du, halaber, omenaldia egiteko 2021-2025 aldian Arabako Lurralde Historikoan nahi ez den bakardadeari aurre egiteko foru estrategia kolaboratiboaren talde eragilean parte hartu duten lurraldeko 28 entitate eta erakundeei.