Foru Aldundia | 2023 11 13

TicketBAI iruzurraren aurka borrokatzeko, lehia defendatzeko eta enpresak digitalizatzeko tresna gisa finkatu da

Abian jarri eta urtebete betetzear dagoela, zerga iruzurraren aurka borrokatzeko tresna hau lurraldeko 19.359 jarduera ekonomikotan ari da lanean

Gasteiz, 2023ko azaroaren 13a. Iazko abenduan ticketBAI fakturazio sistema abian jarri zenetik, Arabako 19.300 enpresa eta autonomo baino gehiago ari dira iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko tresna horrekin, eta hilean 15.000 jaulkitzaile daude batez beste. Datu hori Itziar Gonzalo diputatuak aurkeztu du gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan egin den Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Batzordean.

Foru arduradunak zehaztu duenez, urrira arte 90.800.000 faktura baino gehiago jaso dira, eguneko 300.000 batez beste; haietatik % 94 zuzenak dira, eta % 6k bakarrik dute akatsen bat.

Zenbatekoari dagokionez, 18.200 milioi euro lortu dira, eta fakturen hartzaileek hilero eskaneatutako QR kodeen kopurua 9.000 da.

FakturAraba, zeina baita TicketBAI sistemaren baldintzak betetzen dituzten fakturak egin ahal izateko Arabako Foru Aldundiak doan eskaintzen duen web aplikazioa, 8.700 erabiltzailek erabiltzen dute, eta haietatik 7.600ek modu esklusiboan erabiltzen dute.

Itziar Gonzalo andreak azaldu du, gainera, 562 espediente ireki direla ustezko ez-betetzeengatik, eta haietatik 37 herritarrek iruzurra prebenitzeko emandako laguntzatik datozela. Orain arte, betebeharra ez betetzeagatik 10 zehapen ezarri dira, 20.000 euro guztira.

Foru arduradunak azpimarratu duenez, "ekitaldi honetan Foru Ogasunaren helburua da behartuta daudenei informazioa ematea, zalantzak argitzea eta laguntza teknikoa ematea".

TiketBAIren ezarpena pixkanaka garatu da, sistema horretan sartu behar duten profesionalei eta sektoreei informazioa emanez. 2022an, foru erakundeak jardunaldiak eta topaketak abiarazi zituen kuadrilla eta udalekin, eta Ogasuneko langileek egin zituzten, lan formula berri horri buruzko edozein gai ebazteko.

Fakturazio sistema horrek aurrerapen kualitatiboa ekarriko du jarduera ekonomikoen digitalizazioan, eta etorkizunean zergadunari erraztasunak emango dizkio aitorpenak aurkezteko.

Gonzalezek gogorarazi duenez, "TicketBAI tresna bat da, kontsumitzaileei bermea ematen diena, gure tokiko merkataritza ikusarazten duena eta lehia desleialari aurre egiteko aukera ematen duena".

Foru Aldundia Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak

Prentsa oharra

Jaitsi