Foru Aldundia | 2025 03 17

Udalekuak programak Euskadiko haur eta gazteentzako 4.112 plaza eskainiko ditu, eta beste 632 plaza, Udarabarako

Araban, izena emateko epea martxoaren 19tik 28ra izango da

Udalekuak 2025 programak jolas eta hezkuntza jarduera ugari eskaintzen ditu 7 eta 13 urte bitarteko haur eta gazteentzat, 138 euroan

Zehazki, 1628 plaza eskaini dira Araban, 1514 Bizkaian eta 970 Gipuzkoan, 3.842 euskaraz eta 270 bi hizkuntzetan

Bilbo, 2025eko martxoaren 17a.  Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatzen dute Udalekuak 2025 udako kanpaina, zeinaren bidez jolas eta hezkuntza programa zabala eskaintzen zaien Euskadiko ume eta gazteei. 2025eko kanpaina honetan, hiru lurralde historikoetako 4.112 haurrek hartuko dute parte guztira. Zehazki, Arabak 1.628 plaza eskaintzen ditu, Bizkaiak 1.514 plaza eta Gipuzkoak 970 plaza, 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Horri gehitu behar zaizkio, Arabaren kasuan, arabarrentzako Udaraba programari dagozkion 632 plazak. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra egingo dira, biak barne.

Gaur goizean Bilbon aurkeztu dute Leixuri Arrizabalaga Arruza Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak, Juan José Rojo Bazán Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko zuzendari-kudeatzaileak eta Isaac Palencia Caballero Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak.

Araban, izena emateko epea martxoaren 19tik 28ra izango da. Eta plazen zozketa apirilaren 15ean egingo da.

Programa uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo da, eta udalekuek lau astetan egingo dira: uztailaren 1etik 7ra; uztailaren 8tik 14ra; uztailaren 16tik 22ra; eta uztailaren 23tik 29ra. Zozketan plaza bat lortzen dutenak hiru foru aldundiek eskainitako edozein instalaziotara joan ahal izango dira.

Juanjo Rojok azaldu duenez, "programa hau oso garrantzitsua da; izan ere, helburu nagusia da haurrei bizikidetzarako eta jolaserako espazio bat eskaintzea, non autonomia pertsonala finkatuko baitute, askotariko jardueren eskaintzarekin, hala nola ingurumen jarduerak baserri eskoletan, kirol jarduerak (piraguismoa, mendi ibiliak edo bela) edo jolas jarduerak (jolasak, txangoak edo tailerrak), hau da, haurrentzako oso aukera ona da".

Argibide gehiago, hemen: https://gazteria.araba.eus

Udalekuak 2025

Udalekuak 2025 hiru lurraldeetako 15 instalaziotan egingo da. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu aterpetxe hauetan: Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Kattalin (Legasa-Nafarroa) eta beste instalazio bat Bizkaian. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Igantzi eta Azkoitiko instalazioetan. Eta Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio jarriko ditu Udalekuak 2025en esku: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, eta parte hartzaile bakoitzak erroldatuta dagoen lurraldean emango du izena.

Udalekuak 2025 kanpaina zabala eta askotarikoa da. Jardueren eskaintzaren barruan sartzen dira ingurumen jarduerak, baserri eskoletan egiten direnak, bai eta kirol jarduerak ere, hala nola piraguismoa, mendi ibiliak edo bela, eta jolas jarduerak, besteak beste jolasak, txangoak eta tailerrak barne hartzen dituztenak.

Haurrek kirol eta kultura arloko jarduerez gozatu ahal izango dute, hala nola museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gau jaiak, ginkanak, mendi ibilaldiak, eskalada, rappela, tirolina, arku tiroa, paintballa, arborismoa, orientazio jolasak, Laser Tag-ekin jolasak, segway-a, mendiko bizikletako jaitsiera, arraunketa, piragua, arroila jaitsiera, pedaloia, optimist-a, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, lokotxak, zakulariak, txingak, sokatira), via ferratak, baratzeko jarduerak, animaliekin jarduerak eta elikadurari buruzko lantegiak, besteak beste. Halaber, inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak garatuko dira.

Udalekuen xede nagusia da ume horiei bizikidetzako gune ludiko bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala non sendotu eduki dezaten. Filosofia horrekin, honako hauek lortu nahi dira: oporraldiez gozatzea; autonomia eta bizikidetza bultzatzea; aisia hezitzailea sustatzea; ingurune naturalera hurbiltzen eta ingurumena errespetatzen laguntzea; aisialdi jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzea sustatzea; eremu bakoitzeko ohiturak eta kultura baliabideak ezagutaraztea; eguneroko bizikidetzan adiskidetasuna eta elkartasuna sustatzea, besteak beste; eta genero estereotipoak eta rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.

"Udalekuak 2025" udako kanpainaren eskaintza bi hizkuntza modalitatetan egingo da: euskara hutsean eta bi hizkuntzetan.

Izen emateak eta kuotak

Arabako zozketarako izen emateak martxoaren 19tik (asteazkena) martxoaren 28ra bitartean egin ahal izango dira, eta, gehienez ere, hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira.

Plazen zozketa apirilaren 15ean egingo da eta publikoa izango da.

Aurten 142 euroko kuota ezarri da. Prezioan hauek sartzen dira: ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria; dinamizazio zerbitzua; istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriak atera lekutik (Donostia, Bilbao eta Gasteiz).

Gainera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako edo familia ugariko haurrek eta gazteek hobaria jaso ahal izango dute kuotan. Eta plazen % 5 hezkuntza beharrizan bereziak dituzten pertsonentzat daude gordeta.

Udaraba

Gainera, urtero bezala, Gazteriaren Foru Erakundeak Udaraba programa propioa aurkeztu du, hau da, Udalekuak programari 110 plaza gehitzea "Ingeleseko Udalekua" eta "Euskalaka" programetarako, eta beste 513 plaza "Gazte Bidaiak" programarako, 24 jarduerarekin.

Foru Aldundia

Udalekuak 2025

Prentsa oharra

Jaitsi

Gastebidaiak

Jaitsi

Udalekuak 2025

Jaitsi