Foru Aldundia | 2025 06 02

Arabako irakurketa feministako klubetako ehun parte hartzaile inguruk Kuartangon egingo dute ikasturtearen amaiera, larunbatean

Ekitaldiaren protagonista izango dira Txani Rodríguez idazlea eta sagardo eta liburu desberdinen arteko "literatura dastaketa" 

Gasteiz, 2025eko ekainaren 2a.160 emakume inguruk osatzen dute Arabako irakurketa feministako hamar klub, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak sustatzen dituenak, LAIA Berdintasunerako eta Emakumeen Ahalduntzerako Lurralde Sarearen babespean. Ehun bat irakurlek parte hartuko dute larunbatean, hilak 7, ikasturte amaierako topaketan. Seigarren edizioa bete du eta aurten Kuartangon egingo da. 

Irakurketa klub feministak 2016an jarri ziren abian, eta haien lehenengo esperientzia Arabako Lautadako Kuadrillan izan zen. Urteak igaro ahala finkatu eta hazi egin dira prestakuntza feministako gune gisa, literaturaz elkarrekin gozatzearen bidez. Orain lurralde guztian zehar banatuta daude, eta toki hauetara ere iristen da haien jarduera: Arabako Errioxa, Arabako Mendialdea, Gorbeialdea, Aiaraldea, Añana eta Trebiñu Kuartangoko topaketara Gasteizko klubetako irakurleak ere joango dira.

Klub bakoitza 10-20 emakumek osatzen dute, eta hilero biltzen dira bi orduko saioetan, aldez aurretik irakurritako liburu berari buruzko iritziak trukatzeko.  Saio bakoitzean gai bat garatzen da, eta koordinatzaileak emaniko prestakuntzarekin osatzen da. Saioak modu ibiltarian egiten dira kuadrilla bakoitzeko hainbat herritan. Euskarazko eta gaztelaniazko klubak daude, eta irakurketa motak askotarikoak dira: olerkiak, eleberriak, entseguak, antzerki lanak edo komikiak, gai feministei edo emakumeen egoerari buruzkoak. 

Kuartangon egingo den topaketaren protagonista Txani Rodríguez idazle laudioarra izango da, literaturaren arloan egindako ibilbideari buruzko hitzaldia emango duena. Beste jarduera batzuen artean, "dastaketa literario" baterako espazioa ere egongo da, hau da, Kuartango sagardotegiak egindako hainbat sagardoren dastaketa bat. Bertan, sagardoaren zaporeak liburu baten izenburua iradokiko du. María Santórumek, Uzanza argitaletxekoak, eta Benito Peciñak, Kuartango sagardotegikoak, gidatuko dute jarduera hori.

Irakurketa klub feministen sarea Arabako Foru Aldundiaren ahalduntze indibidual eta kolektiboko estrategia baten parte da, aurrera egiteko emakumeen parte hartze soziopolitiko handiago baterantz. Estrategia hori funtsezkoa da emakumeen eta gizonen berdintasuneranzko bidean, eta haien kontzientziazioa, parte hartzea eta inplikazioa sustatzen da. 

Lan hori egin da hauexen inplikazioari esker: kluben koordinatzaile eta dinamizatzaileak, kuadrilla eta udaletako berdintasun teknikarien sarea, udal liburutegietako arduradunak, LAIA sarea, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzua eta lurralde osoko irakurle feministak.


 

Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi