Planifikatzaile berri batek Alavabus eta eskualdeko garraioa integratzen ditu, eta lurralde osoan bidaiatzeko konbinaziorik onenak eskaintzen ditu - arabapress
Planifikatzaile berri batek Alavabus eta eskualdeko garraioa integratzen ditu, eta lurralde osoan bidaiatzeko konbinaziorik onenak eskaintzen ditu
-
Eskuragarri dago gaurtik aurrera, alavabus.eus atari berrituan eta ‘Alavabus’ APPan
-
Carlos Ibarlucea: “Lanean jarraitzen dugu herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko, haien mugikortasun beharrak asetzeko eta foru garraio publikora pertsona gehiago erakartzeko”
Eskuragarri dago gaurtik aurrera, alavabus.eus atari berrituan eta ‘Alavabus’ APPan
Carlos Ibarlucea: “Lanean jarraitzen dugu herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko, haien mugikortasun beharrak asetzeko eta foru garraio publikora pertsona gehiago erakartzeko”

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 4a. - Foru garraioaren erabiltzaileek plangintza tresna berri bat dute gaurtik aurrera. Tresna horrek Alavabus eta eskualdeko garraioaren lineak integratzen ditu, eta azkar eta intuitiboki eskaintzen ditu lurralde historiko osoan bidaiatzeko konbinaziorik onenak. Planifikatzaileak aukera ematen du, halaber, bi zerbitzuen txartelak aldez aurretik erosteko eta erreserbatzeko, prozesu berean.
Carlos Ibarlucea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Patricia Pérez Mugikortasun eta Garraio zuzendariak tresna berri hori aurkeztu dute gaur, eta Arabako herritarrei eskaintzen dieten zerbitzu publikoa etengabe hobetzeko estrategiaren barruan jarri dute abian: “Planifikatzaile honek informazio praktikoa eta erabilgarria emango die erabiltzaileei, Araban eta probintzia mugakideetan joan-etorriak egiteko".
“Edonork erraz lor ditzake konbinaziorik onena eta ordutegiak, esaterako, Gorbeialdeko edo Arabako Mendialdeko landagune txiki batetik Gasteizera edo probintziako beste edozein herritara joateko. Lanean jarraitzen dugu arabarrei gero eta zerbitzu hobea eskaintzeko, haien mugikortasun beharrak asetzeko eta foru garraio publikora pertsona gehiago erakartzeko”, azaldu du Ibarluceak.
Planifikatzaile berria www.alavabus.eus web orrian dago eskuragarri, eta datozen egunetan erabilgarri egongo da gailu mugikorretarako ‘Alavabus’ aplikazioan ere. Aplikazio hori doan deskargatu ahal izango da Android eta Apple telefono eta tabletetan.
Tresna horren funtzionamendua sinplea da: erabiltzaileak bidaiaren data, irteera eta helmuga sartu behar ditu, ibilbide egokiak eta ordutegi desberdinak lortzeko. Zerbitzua, kasuaren arabera, Alavabuseko lineen, eskualdeko garraioko lineen —landagune txikietan ematen den zerbitzua— edo bien konbinazioaren bidez eman daiteke.
Ondoren, erabiltzaileak bidaia egiteko txartela edo txartelak erosteko eta/edo erreserbatzeko aukera izango du.
Web atari berritua eta sarbide zuzenekoa
Planifikatzaile hori abian jartzearekin batera, foru garraioaren web orria berritu da, sartzeko helbidetik hasita. Gaurtik aurrera, zuzenean sartu ahal izango da www.alavabus.eus helbidearen bidez; “errazagoa da gogoratzeko eta erabiltzeko orain artekoa baino, orain arte Arabako Foru Aldundiaren web orokorraren bidez sartu behar baitzen. Aldaketa horrek, gainera, foru garraioaren marka eta irudia indartzen ditu”, nabarmendu du Carlos Ibarlucea foru diputatuak.
Web ataria berritzean itxura eta edukiak ere berritu dira: informazio praktiko guztia sinplifikatu eta berrantolatu da, “erabiltzaileei nabigazioa ahalik eta gehien errazteko”. Web atarira sartzen direnek, lehenik eta behin, bidaia planifikatzailea eta oinarrizko bi aukera dituen menu bat aurkituko dituzte: lineak eta ordutegiak, eta tarifak eta beste batzuk.
Lehenengoak Alavabusen hogei lineen eta eskualdeko garraioaren 28 lineen datuak eskaintzen ditu begiratu batean ikusteko moduan (ordutegiak, ibilbideak eta geldialdiak lanegunetan eta asteburuetan), linea bakoitza bere identifikazio kolorearekin markatuta. Bigarrenak lineen tarifak zehazten ditu eta informazio erabilgarri gehigarria eskuratzeko aukera ematen du, hala nola, eskariaren araberako gaueko geldialdiak, BAT txartela saltzeko eta kargatzeko guneak edo zerbitzuaren araudia.
Bi aukera horien ondoan, albisteen eta oharren atal bat dago, zerbitzuaren gaurkotasunari buruzko informazioa emateko erabiltzaileei.
Ibarluceak, amaitzeko, eskerrak eman dizkie arabarrei, foru garraioan konfiantza izateagatik, konfiantza horrek mugikortasun orekatu eta jasangarriagoa dakarrelako. “Bidaiari kopuruak behera egin zuen bat-batean duela bi urte, pandemiaren ondorioz, baina pixkanaka eskaria berreskuratzen joan gara, eta 2020aren erdialdetik aurrera zerbitzuen % 100eko eskaintzari eutsi diogu, garraio publikoa sustatzeko politikarik onena dela sinetsita".
“Eta herritarrek erantzun dute. Martxo honetan, lehen aldiz, pandemia aurrean Alavabuseko lineek zuten eskariaren parera iritsi gara, eta linea batzuetan gainditu ere egin dugu. Orain, joera hori sendotzea da erronka, eta hazten jarraitzea” esan du, amaitzeko.