Zerbitzu berri batek Alavabuseko eta eskualde garraioko lineen inguruko informazio guztia eskainiko du gaurtik aurrera - arabapress
Zerbitzu berri batek Alavabuseko eta eskualde garraioko lineen inguruko informazio guztia eskainiko du gaurtik aurrera
- Astelehenetik igandera egongo da erabilgarri, 7:30etatik 22:00etara, 945182060 telefono zenbakian, alavabus@araba.eus helbide elektronikoan eta @AlavabusEus Twitter profilaren bidez.
- Carlos Ibarlucea: “Erabiltzaileekin komunikatzeko zuzeneko kanala izateko asmoz sortu da, informazio praktiko guztia emateko eta gestio jakin batzuk egiten laguntzeko”

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 19a. Foru garraioa erabiltzen dutenek gaurtik aurrera arreta zerbitzu berri bat izango dute. Bertan, Alavabuseko eta eskualde garraioko lineen inguruko informazio praktiko guztia lor dezakete, gestio jakin batzuk egiteko laguntza jaso, hala nola txartelak erosteko eta aldez aurretik erreserbatzeko, eta beren proposamenak eta iradokizunak aurkeztu.
Zerbitzua gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, 07:30etatik 22:00etara, urteko 365 egunetan, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, 945182060 telefonoan, posta elektronikoan eta @AlavabusEus Twitter profilaren bidez.
Carlos Ibarluzea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Patricia Pérez Mugikortasun zuzendariak foru garraioaren erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu berri hori aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan, eta “azken urte hauetan kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko eta Arabako herritarren mugikortasun beharrak asetzeko ezartzen ari garen etengabeko hobekuntzarako estrategiaren” barruan kokatu dute.
“Estrategia hori honetan datza: arabarron mugikortasun ohituren bilakaera aldizka aztertzea, Alavabuseko eta eskualde garraioko lineen ordutegiak, ibilbideak eta geltokiak egokitzeko; eta teknologia berriez baliatzea, erabiltzaileei foru garraioaren inguruko informazio guztia eskuratzeko bidea eta lurralde historikoan egiten dituzten bidaien plangintza errazteko”, azaldu du foru diputatuak.
Adibide moduan, Carlos Ibarluzeak aipatu ditu BAT txartela kargatzeko ‘BAT NFC’ gailu mugikorretarako aplikazioa, txartelak erosi eta aldez aurretik erreserbatzeko online zentrala, alavabus.eus web orriaren eguneratzea eta Alavabus eta eskualde garraioa integratzen dituen bidaia-planifikatzaile berri baten sorkuntza. “Foru garraioaren erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua abian jartzea, bidarri berri bat da bide honetan”.
Zerbitzu hori, nabarmendu duenez, “bidaiariekin komunikatzeko zuzeneko kanala izateko asmoz sortu da. Kanal bat herritar guztiei bizkor eta eraginkortasunez informazio praktiko guztia emateko Alavabuseko eta eskualde garraioko ordutegi, ibilbide, geltoki, tarifa eta ordaintzeko moduei buruz, eta zalantzak argitzeko, eta zenbait gestio egiten laguntzeko. Baita ere, foru garraioa hobetzeko proposamenak helarazteko”.
“Halaber, nahi dugu guztientzat irekitako kanala izatea, haiek Internet erabiltzeko duten gaitasuna gorabehera. Horrela, sare sozialek eta posta elektronikoak eskaintzen dituzten bat-batekotasun eta bizkortasunaren abantailez baliatuko gara, baina telefonoari eusten diogu harremanetarako bide gisa”, gaineratu du foru diputatuak.
Ordutegi zabala
Arreta-zerbitzu berria euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, etenik gabe goizeko zazpi eta erdietatik gaueko hamarrak arte, asteko egun guztietan, igandeak eta jaiegunak barne, urteko 365 egunetan, bi salbuespenekin: Abenduaren 25a eta urtarrilaren 1a. Foru garraioaren erabiltzaileek 945182060 telefono zenbakian, alavabus@araba.eus helbide elektronikoan eta @AlavabusEus Twitter profilaren bidez egin ditzakete kontsultak.
Foru garraioaren erabiltzaileentzako arreta zerbitzu integral berriak honako hauek eskainiko ditu:
-
Zerbitzu bakoitza erabiltzeko baldintzen inguruko argibideak.
-
Ordutegi, linea eta bus-aldaketen inguruko argibideak.
-
Tarifa eta ordaintzeko moduei buruzko argibideak.
-
Geltokien kokalekuari buruzko informazioa.
-
Deiak enpresa emakidadunetara bideratzea, egokia denean.
-
Gorabeherak, iradokizunak eta kexak jasotzea eta erregistratzea eta, ondoren, Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Garraio Zerbitzuari bidaltzea.
-
Eskualde garraioko ibilbideen erreserbak egitea, aldatzea edo ezeztatzea.
-
Alavabuseko txartelak erosteko aldez aurreko salmentan laguntzea, eta erreserbak egitea, aldatzea edo baliogabetzea BAT txartelarekin, Alavabusen.
-
Alavabusen eta eskualde garraioaren web eta app kanalak sustatzea bi zerbitzu horien erabiltzaileen artean.
Sortuz doazen beharrizanen arabera zabalagotuz joango da katalogo hori.