Guztira 33 kirolarik hartuko dute parte Gasteizen estatuko II. parabadminton txapelketan - arabapress
Guztira 33 kirolarik hartuko dute parte Gasteizen estatuko II. parabadminton txapelketan
- Martxoaren 20an eta 21ean jokatuko da Zabalganako gizarte etxean, berritasun honekin: badminton lehiaketa inklusiboa, bikoteka.
- Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioa dira ekitaldiaren babesleak.


Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 18a. Martxoaren 20an eta 21ean Zabalganako gizarte etxean estatuko II. parabadminton txapelketa jokatuko da. Txapelketa hori rankingerako balio duen zirkuitu nazionalean sartzen da, eta lau hitzordu ditu: Gasteiz martxoan, Montilla (Córdoba) apirilean, Toledo abuztuan eta Jaen urrian. Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta Vital Fundazioa dira ekitaldiaren babesleak.
Horregatik egon dira gaur prentsaurrekoan Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatua, Livia López Kirol eta Osasun Publikoko zinegotzia eta Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari exekutiboa, ekitaldiaren kolaboratzaileak direnak, eta Dina Abouzeid txapelketako antolatzailea den Just Badminton-eko presidentea.
Horrela, 33 parte hartzaile bilduko dira Arabako hiriburuan: 16 jokalari egokitu eta txapelketa inklusiboaren zatia jokatuko duten beste 17, edizio honetako berritasun nagusia. Binakako lehiaketa inklusiboan parabadmintoneko jokalari bat eta badminton konbentzionaleko beste bat jokatuko dira; azken horrek estatu mailako fitxa federatua izan behar du. Badminton konbentzionalaren arauekin lehiatuko dira, binakako lehiaketa baita.
Parte hartzaileen artean hauek nabarmentzen dira: Guillermo Lama, Espainiako WH2 aulki txapelduna, Paco Motero Espainiako WH1 auki txapelduna, Rubén Nova futboleko jokalari ohia eta orain parabadmintoneko jokalaria, Roberto Galdos Zuzenak klubeko jokalaria eta Dina Abouzeid, Roberto Galdosekin batera binakako misto inklusiboan parte hartuko duena.
Modalitate hauek egongo dira: banakakoa, binakakoa eta binakako mistoak; aulkia (WH1, WH2), Suitzako lehiaketa sistemarekin; eta zutik (SL3, SL4, SU5, SU6).
Ordutegia hau izango da: larunbatean 9:00etatik 20:00etara, eta igandean 9:00etatik 12:30era.