Kultura | 2022 01 04

2021ean 88.797 pertsona pasa dira Foru Sareko museoetatik

Zifra hori 2020koa (55.657 pertsona) baino % 59,5 handiagoa da, baina urrun dago oraindik 2019an bertaratutakoen errekorretik (125.191).

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 4a.  Guztira 88.797 pertsona pasa dira 2021ean Arabako Foru Sareko museo eta aztarnategietatik, hau da, BIBAT Museotik, Arte Ederren Museotik, Arma Museotik, Natura Zientzien Museotik eta Iruña-Veleia eta La Hoya aztarnategietatik. Zifra hori 2020. urtekoa baino % 59,5 handiagoa da, orduan 55.657 bisitari izan baitzituen sareak, baina oraindik urrun dago 2019ko 125.191 bisitariko errekorretik.

Bereziki nabarmentzekoa da uda garaian izandako bisitari kopurua (batez ere, turismo naturala), 2019koa baino are handiagoa izan baita. Hilabete onenak uztaila eta abuztua izan dira, 10.572 eta 16.383 bisitari hurbildu baitira, hurrenez hurren, foru sareko museoetara; 2019an, aldiz, 9.414 eta 13.945 bisitari izan ziren, hurrenez hurren. Iraila eta urria 2019koen antzekoak izan dira; azaroko eta abenduko kopuruak, ordea, 2019koen % 50ean gelditu dira berriz ere.

“Suspertze sintomak agerikoak dira –adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko arduradunak–, eta, beraz, urteko balantze orokorra positiboa da, egoera asko hobetu baita 2020koarekin alderatuta. Bistakoa denez, pandemiaren eragina oso nabarmena da oraindik ere, eta jarduera eta bisitari kopurua handitu eta gutxitu egiten da pandemiaren bilakaeraren arabera, eta ondorioz, balorazioa positiboa den arren, emaitzak gazi-gozoak dira”.

Nabarmentzekoa da, gainera, ikastetxeetako taldeen bisitak pixkanaka berreskuratzen ari direla, nahiz eta urtearen amaieran moteldu egin diren, olatu berriaren eraginez. Aurreikusitako proiektu gehienak gauzatu dira, baina osasun egoerak une bakoitzean ezartzen zituen muga eta murrizketekin. Gainera, bisita gidatuak eta tailerrak egin ahal izan dira (kasu puntualetan izan ezik), edukiera eta parte hartzaile kopuruen mugak errespetatuta.

“Nolanahi ere, bisiten garrantzi kualitatiboa nabarmendu behar da –jarraitu du Del Valek–, kopuruak kopuru, jarduerarekiko eta kultura ondarearekiko interesa berreskuratzen ari dela erakusten baitute. Izan ere, azpimarratu behar da museoak leku seguruak direla, eta kultura jarduera berme osoz garatzeko aukera ematen dutela, egoeraren ondoriozko nahitaezko segurtasun eta prebentzio neurriak beteta”.

2022rako aurreikuspenak

2022rako aurreikusitako jarduerek ohiko ildoari jarraituko diote, eta aldi baterako erakusketetako ekoizpen propioak lehenetsiko dituzte, eta batez ere tokiko jendearengan pentsatuz antolatuko dituzte. Ikastetxeentzako bisita eta tailer programak jarriko dituzte martxan berriz, gaikako doako bisita kolektiboak eskaintzen jarraituko dute, eta museoetako jarduera osagarriekin jarraituko dute (hitzaldiak, proiekzioak), egoerak horretarako aukera ematen badu. Gainera, urrian Ondarearen Europako Jardunaldiak jarriko dituzte berriz abian, zeinak “udazkeneko kultura erreferente gisa sendotzen ari baitira, eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen lankidetzan aritzeko aukera ematen baitute”.

“2022rako, espero dugu behin betiko suspertzea iristea, gutxienez egungo olatua amaitzen denetik aurrera. Ziur aski, datorren udan, turismo nazionala izango da nagusi, baina, aurreikuspenen arabera, bisitari atzerritarren presentzia pixka bat areagotuko da”, adierazi du foru arduradunak.

Kultura Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Declaraciones de Ana del Val

Prentsa oharra

Jaitsi

Xehetasunak

Jaitsi