Foru Aldundiaren estrategia berri batek aurre egingo dio Arabako adinekoen nahi gabeko bakardadeari - arabapress
Foru Aldundiaren estrategia berri batek aurre egingo dio Arabako adinekoen nahi gabeko bakardadeari
- ‘Araba a Punto’ eraikuntza kolektiboko estrategia da Arabako adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko erronkaren inguruan, datozen lau urteetarako.
- "Adinekoen bakardadeari lehentasun gisa, sakontasunez eta eraginkortasunez heldu behar dio Arabako Foru Aldundiak", adierazi du Emilio Sola foru diputatuak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 25a. Artium museoa aukeratu dute gaur goizean Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak antolatutako jardunaldi bat egiteko, 'Araba a Punto' estrategia abian jartzeko. Arabako Lurralde Historikoko adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko eraikuntza kolektiboko ariketa bat da, eta lau urtez hedatuko da (2021-2024).
Nahi gabeko bakardadea adinekoen ehuneko handi bati eragiten dion arazo soziala da, eta eragin negatiboa du haien ongizate fisiko eta psikologikoan. 65 urtetik gorako 16.000 pertsona inguru bakarrik bizi dira Araban.
“Adinekoen bakardadea gero eta arazo larriagoa eta handiagoa da berez, baina gaur egun covid-19aren pandemiaren egoerak agerian utzi du Arabako Foru Aldundiak lehentasun gisa, sakontasunez eta eraginkortasunez jorratu beharreko gaia dela”, adierazi du Emilio Sola foru diputatuak.
Laudioko 'Bakardadeak eskola' proiektu pilotua, prebentzio tresna gisa
'Araba a Punto' estrategiak, esparru orokor gisa, sareak ehuntzera eta pertsonen, eragileen eta erakundeen arteko topaguneak irutera bideratutako lan ereduaren alde egiten du. Norbanakoaren erantzukizuna, komunitatearen elkartasuna eta zerbitzu publikoaren bermea eta babesa aktibatuz lan egiteko modu bat.
Lau dira proiektu horren helburu estrategikoak:
-
Gizarte babesa indartzea, 'Araba a Punto Sarea'ri esker. Bakardadearen aurrean herritarrek elkartasuna adierazteko sarea da, eta Arabako herritarrak sentsibilizatzea eta inplikatzea du helburu, ezinbestekoa baita adineko edozein pertsona bakarrik senti ez dadin. Sare horrek ekintza plan komunitario bat diseinatuko du, bakardade egoerak prebenitzen, herritarrak sentsibilizatzen, dauden baliabideei buruzko informazioa ematen eta ikusarazten eta esku hartze profesionala eta kalitatekoa bermatzen lagunduko duten ekintzak egitea lehenetsiko duena.
-
Trebetasun sozialak areagotzea prebentzio tresna gisa, eta, horretarako, Arabako Foru Aldundiak 'Bakardadeak eskola' jarriko du abian proiektu pilotu gisa Laudion, irailean irekita.
-
Interakzio soziala areagotzea, adinekoen parte hartzea bultzatuz, arreta berezia eskainita belaunaldien arteko aukerei.
-
Entrenamendu sozio-kognitiboa sustatzea, ikerketa eta berrikuntza sustatuz produktu, zerbitzu eta prozesuetan, nahi gabeko bakardade egoera iraunkor batek sortzen dituen ondorio negatiboak arintzen laguntzeko.
Emilio Solak gogorarazi duenez, prozesu hori bat dator berriki Arabako Foru Aldundiak abian jarri duen Etxean Bai proiektu estrategikoarekin. “Zahartzaro betea eta arduratsua ahalbidetzen duen eredu bat da, adinekoentzat egokia, haietako gehienek adierazitako nahia abiapuntu hartuta: etxean bertan zahartu nahi izatea. Etxean Bai-ren bidez pertsonak etxean artatzeko eredu berri bati helduko diogu. 'Araba a Punto' eta Etxean Bai-ren artean garatuko diren sinergiak argiak dira, adinekoak baitira Foru Aldundiaren lehentasunetako bat”, azpimarratu du foru diputatuak.
'Araba a Punto' estrategiak Arabako errealitatearen testuingurua hartzen du kontuan; izan ere, landa eremuan biztanleria asko zahartzen da, eta bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 16.000 pertsonetatik gehienak, zehazki % 70, emakumeak dira. Horrek genero eta landa eremuko gakoak nabarmen txertatuko dituen esku hartzea eskatzen du.
“Badakigu ekimen honek ezin duela aurrera egin, ezin dela errealitate bihurtu, ez bagara gai sareak ehuntzeko, borondateak eta konpromisoak batzeko, sinergiak sortzeko eta baliabideak koordinatzeko. Horretarako, zuek guztiok behar zaituztegu”, azpimarratu du Beatriz Gázquez estrategiaren koordinatzaileak.
“Ilusioz beteriko estrategia da, mugarriz betea, eta, zalantzarik gabe, batez ere praktikoa, eta behetik gora, herritarrekin eta herritarrentzat eraikitzeko metodologian oinarrituko da”, esan du Emilio Solak ekitaldian parte hartu duten 30 bat lagunen elkarlanari bide eman aurretik, beste hainbat streaming bidez gehituta.
‘Araba a Punto' sarean parte hartu nahi dutenek web orri honetan kontsulta dezakete: arabaapunto.eus
Sakatu hemen sustapen iragarkiaren esteka ikusteko: gaztelaniaz eta euskaraz.