Foru Aldundia | 2023 03 16

Kuartangoko trikuharrien balioa nabarmentzeko egindako esku-hartzea bisitatzea

Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 260.771 euro inbertitu dituzte azkeneko fase honetan

 

Denetara, 362.129 euro inbertitu dira monumentu multzoan 2018az gero

 

Gasteiz, 2023ko martxoaren 16a. Gaur bisita instituzionala egin dute Kuartangoko estazio megalitikoaren balioa nabarmentzeko proiektura. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 260.771,86 eurorekin finantzatu dute proiektuaren azkeneko fasea.

 

            Ikustaldian egon dira Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Kuartangoko Udaleko eta Andako Administrazio Batzarreko ordezkariak, Alfonso Alday arkeologoa, Luis Miguel Martínez Torres geologoa, Ondare Babesa eta Atalaya sozietateko kide batzuk eta proiektuan inplikatutako beste pertsona ezagun batzuk.

 

 “Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren ustez – adierazi du Del Valek –, proiektu honek interes publikoa du zalantzarik gabe, eta hortik dator hasiera-hasieratik hartan lankidetzan jarduteko dugun borondatea. Legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoetako bat izan zen Arabako ondare arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura induskatzeko, zaharberritzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko zereginari lotzea, eta krisi gorrian inbertsioa geldiarazi ez bagenuen, ekonomia berpizteko fasean, are gehiago, ahal bada, jauzi kualitatibo bat egin behar zen, ondareaz maila kulturalean eta humanistan pentsatuz, baina orobat turismoa erakartzeko duen ahalmenaz. Horrengatik, toki administrazioen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetasuna lortzen saiatu gara, hura finantzatu ahal izateko. Horrengatik, eskerrak eman behar dizkiogu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, azken fase honen erdia baino gehiago finantzatzeagatik, erakundeen arteko lankidetzaren beste adibide bat”.

 

Bingen Zupiria sailburuak adierazi duenez “proiektu hau plangintza, arrazionaltasuna, ezagutza zientifiko eguneratua eta ondare arkeologikoa eta haren inguruko paisaia- edo ingurumen-testuingurua errespetatzen dituzten esku hartzeko irizpideak errespetatuz garatu da. Erakundeon ardura da gure ondarea irisgarri bihurtzea, terminoaren zentzurik zabalenean, bailara horretan bizi diren herritarrak eta bisitatzen duten pertsonak haren balioaz jabetzeko eta sentsibilizatzeko, berezko zerbait bezala barneratu eta zaintzan inplika daitezen. Egindako lanak denboran iraungo duela bermatzeko modurik onena izango da hori”. Zupiriak gaineratu duenez ondarearen zaintzan “ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza eta oraingoan ere horrela izan da”.

 

 

 

 

 

Oraingo esku-hartzea

Azkeneko fase honetan egindako esku-hartzea ondoko lau puntu hauetan laburbil daiteke:

 

  • Orain dela hamarkada batzuk egindako ikerketa lanak osatzea: San Sebastian Hegoa, Gurpide Iparra eta Gurpide Hegoa trikuharriak induskatu dira; San Sebastian Iparran, berriz, esku-hartze txiki bat baino ez da egin lauza bat birkokatzeko. Emaitzak interesgarriak izan dira, baina hondakin material gutxi ekarri dituzte, trikuharriak hamarkada batzuk lehenago induskatu zirelako.

  • Lehendik zeuden egitura arkeologikoak eta orain induskatutakoak sendotzea: trikuharrien ganberak finkatu dira lauzen egonkortasuna bermatzeko, eta eremu arazotsuenak babestu eta ziurtatu dira.

  • Zabalkundea: panel berriak eta informazio baliabide osagarriak jarri dira aztarnen interpretazioa errazteko eta egokiro bisitatzea ahalbideratzeko.

  • Babesa: hesiak eta itxiturak hobetu dira, aztarnak babesteko eta ikustaldia errazago egiteko.

 

Kontserbazio egokia behar duen monumentu multzoa

Kuartangoko trikuharrien estazioa osatzen duten lau trikuharriei izen hauek ematen zaizkie: San Sebastian I edo Iparra, San Sebastian II edo Hegoa, Gurpide Iparra eta Gurpide Hegoa. 2011tik, kultura ondasun bereziak eratzen ditu 183/2011 Dekretuak, zeinaren bidez kultura ondasun gisa kalifikatzen baitira, monumentu multzo kategoriarekin, Arabako Lurralde Historikoan dauden behe lurretako trikuharriak. Jabetza publikoko larre lurretan daude, A-68 autobideak eta Bilbo-Miranda de Ebro trenbideak mugatutako espazio batean, Anda eta Katadio herrietatik gertu, Kuartango udalerrian.

 

Duela urte batzuetatik hona, AFAko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak hainbat ikerketa, kontserbazio, finkatze, zaharberritze eta balio nabarmentze lan egiten ari da Arabako trikuharri garrantzitsuenetako batzuetan, eta 2018az geroztik Kuartangoko trikuharrietan ari da lanean, zehazki, San Sebastian Hegoaldeko trikuharrian, ikerketa arkeologikoko proiektu batekin. Proiektu hori Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko arloko Alfonso Alday irakasleak zuzendu du, Ondare Babesa SL enpresa arkeologikoaren eta ATALAYA arkitektura estudioaren laguntzarekin, eta unibertsitate bereko Geodinamika arloko Luis Martínez Torres irakaslearen aholkularitza geologikoarekin. Hura garatzeko, Kuartangoko Udalaren eta Andako Administrazio Batzarraren laguntza eta lankidetza zuen, monumentuak kokatuta dauden lurren jabea baitzen.

 

AFAk 2018tik Kuartangoko trikuharrietan egindako inbertsioa 101.358,09 €-koa da, batez ere San Sebastian Hegoaldeko ikerketa arkeologikorako, baina baita multzo osoa hesitzeko, kontserbatzeko eta seinaleztatzeko lanak egiteko ere.

 

Zenbait ekintza amaitu ondoren, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak hausnarketa egin zuen, eta hartan monumentu multzo honen interesa eta potentziala egiaztatu ziren, eta haren gainean jauzi “kualitatiboa” egin zitekeela. Horregatik, Kuartangoko Udalarekin eta Andako Administrazio Batzarrarekin lankidetzan, ekintza proposamen zabalagoa eta asmo handiagokoa prestatzea erabaki zen, horrekin Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta ezagutarazteko dirulaguntzen deialdian parte hartu ahal izateko.  

 

Horrela, hausnarketa egin ondoren, lan taldea indartu zen Atalaya Territorio SLren arkitektura taldea gehituz, eta horri esker, orain diruz lagundutako proposamen integrala idatzi ahal izan zen. Horiek horrela, Kuartangoko estazio megalitikoaren balioa nabarmentzeko proiektuak 2020-2022 urteetarako jarduketak planteatzen zituen, 260.771,86 euroko aurrekontu orokorrarekin. Haietatik, Eusko Jaurlaritzak 139.653 euroko dirulaguntza ematea onartu du (guztizkoaren % 53,55).

 

Museo eta Arkeologia Zerbitzuak proiektua finantzatzen laguntzeko konpromisoa hartu duenez, eta Kuartangoko Udalaren aurrekontu mugak kontuan hartuta, Kultura Sailak bere gain hartu zuen gainerako zenbatekoa, hau da, 121.118,86 euro.

 

Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak batera finantzatuko dute 260.771,86 eurorekin Kuartangoko Estazio Megalitikoari balioa emateko proiektua. Esku-hartze horri AFAk aurretik egin zuen beste 101.358,09 euroko inbertsioa gehitu behar zaio. Beraz, esku-hartze osotik, 2018tik 2022ra, 362.129,95 euro izan dira guztira; horietatik, AFAk % 61,4 inbertitu du, eta Eusko Jaurlaritzak % 38,6.

Foru Aldundia Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi