Arkaiako termen balioa nabarmentzeko egindako esku-hartzearen ikustaldia - arabapress
Arkaiako termen balioa nabarmentzeko egindako esku-hartzearen ikustaldia
Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 133.100 euro inbertitu dituzte azkeneko fase honetan
Denetara, 263.000 euro inbertitu dira monumentu multzoan 2016az gero




Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 9a. Gaur bisita instituzionala egin da Arkaiako termen aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura ezagutarazteko proiektura. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 133.100 eurorekin finantzatu dute proiektuaren azkeneko fasea.
Proiektuan inplikatutako beste pertsona batzuen artean, Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Iterbide S.L.ko Miguel Loza eta Javier Niso arkeologoek eta Óscar Reinares arkitektoak egin dute ikustaldia.
“Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailaren ustez – adierazi du Del Valek –, proiektu honek interes publikoa du zalantzarik gabe, eta hortik dator hasiera-hasieratik hartan lankidetzan jarduteko dugun borondatea. Legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoetako bat izan zen Arabako ondare arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta hura induskatzeko, zaharberritzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko zereginari lotzea, eta krisi gorrian inbertsioa geldiarazi ez bagenuen, ekonomia berpizteko fasean, are gehiago, ahal bada, jauzi kualitatibo bat egin behar zen, ondareaz maila kulturalean eta humanistan pentsatuz, baina orobat turismoa erakartzeko duen ahalmenaz. Horrengatik, toki administrazioen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetasuna lortzen saiatu gara, hura finantzatu ahal izateko. Horrengatik, eskerrak eman behar dizkiogu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, azken fase honen guztiaren % 60 finantzatzeagatik, erakundeen arteko lankidetzaren beste adibide bat”.
Zupiria Sailburuak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzan ahalegin berezia egiten dugu gure kultura ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko eta Arkaian ere agerian da ahalegin horretan gabiltzala. Ondarea babesteko eta hedatzeko helburuan ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza eta kasu honetan ere horrela da. Arkaiako Batzarrarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean gabiltza, indarrak batuta, erakunde arteko lankidetzaren eredu. Arkaia interes handiko aztarnategia da eta asko dira historian zehar izan duen okupazioaren aztarnak, berreskuratzeke dauden aztarnak. Ikerketa arkeologikoak aurkikuntza garrantzitsuak ekarriko dizkigu, zalantzarik gabe, eta hori guztia erakundeon artean dugun lankidetzak ahalbideratuko du”.
Oraingo esku-hartzea
Azkeneko fase honetan egindako esku-hartzea ondoko lau puntu hauetan laburbil daiteke:
-
Orain dela hamarkada batzuk egindako ikerketa-lanak osatzea: termen iparraldean dagoen eremua induskatu da, eta sarrerako portiko baten aztarnak besterik ez da egiaztatu.
-
Lehendik zeuden egitura arkeologikoak eta orain induskatutakoak sendotzea: termetako hormak sendotu dira eta gela guztietan esku hartu da, zoruak babestuz.
-
Zabalkundea: panel berriak eta informazio baliabide osagarriak jarri dira aztarnen interpretazioa errazteko eta egokiro bisitatzea ahalbideratzeko.
-
Babesa: hesiak eta itxiturak hobetu dira, aztarnak babesteko eta ikustaldia errazago egiteko.
-
Kontserbazio egokia behar duen monumentu multzoa
Arkaiako terma erromatarrak Arkaiako zona arkeologikoan daude, zeina monumentu multzo izendatu baitzen uztailaren 28ko 159/2000 Dekretuaren bidez (148. EHAA). Horren ondorioz, interes handiko multzo arkeologikoa eta kultura-baliabide aparta dira, kontserbazio egokia eta balioa nabarmentzea behar duena.
Horregatik, 2016. urteaz geroztik, AFAren Museo eta Arkeologia Zerbitzua hainbat lan egiten ari da emaitza arkeologikoak berrikusteko eta termen multzoa, AFAren jabetza dena, kontserbatzeko, sendotzeko, zaharberritzeko eta balioa nabarmentzeko, baita haren ingurunean ere, Iterbide S.C. enpresaren eta Óscar Reinares Fernández arkitektoaren lankidetzaz, eta Arkaiako Administrazio Batzordearen babesarekin, hurbileko beste espazio publiko batzuk, hala nola kontzejuaren aretoa, aztarnategia interpretatzeko eta ezagutzeko eremuan integratzeko.
Harez gero, bost jarduketa-kanpaina egin dira, urtero 30.000 euroko aurrekontuarekin. Denetara, Foru Aldundiak oso-osorik erabilitako 130.000 euro inguru.
2020an, zenbait ekintza amaitu ondoren, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak hausnarketa egin zuen, eta hartan monumentu multzo honen interesa eta potentziala egiaztatu ziren, eta haren gainean jauzi “kualitatiboa” egin zitekeela. Horregatik, Administrazio Batzordearekin lankidetzan, ekintza-proposamen zabalagoa eta asmo handiagokoa prestatzea erabaki zen, horrekin Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta ezagutarazteko dirulaguntzen deialdian parte hartu ahal izateko.
Hartara, lantaldeek jarduketa proposamen integrala idatzi zuten, Museo eta Arkeologia Zerbitzuak balioztatua, eta zerbitzu horrek konpromisoa hartu zuen, administrazio batzarraren aurrekontu mugak zirela-eta, haiek finantzatzen laguntzeko. Horrela, deialdi hori aurkeztu zuen administrazio batzarrak, eta onartu egin zuen Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako "Arkaiako termen aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko proiektua"k 2020-2022 urteetarako jardunak planteatzen zituen, 133.100 euroko aurrekontu orokorrarekin, eta Eusko Jaurlaritzak 80.537 euroko dirulaguntza ematea onartu zuen (guztiaren % 60,51).
Foru Aldundiak, bere aldetik, gainerakoa jarri zuen, hasieratik Museo eta Arkeologia Zerbitzuak proiektua finantzatzen laguntzeko konpromisoa hartua baitzuen. Hau da, 52.563 euro.
Hortaz, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak elkarrekin finantzatzen dute Arkaiako termen aztarnategi arkeologikoaren balioa nabarmentzeko eta ezagutarazteko azkeneko proiektua. Ekintza horri gehitu behar zaio AFAk lehenagotik egiten zuen inbertsioa, beste 130.000 eurorekin. Hortaz, esku-hartze osoaren kostua, 2016tik 2022ra arte, 263.000 euro izan da, guztira. Kopuru horretatik, AFAk % 70 jarri du eta Eusko Jaurlaritzak % 30.