Foru Aldundia | 2022 07 21

Gasteizen jokatuko dute LF Endesa 2022ko Superkopa

Espainiako emakumezkoen saskibaloiko denboraldiko lehen txapelketa Mendizorrotza kiroldegian jokatuko dute urriaren 8 eta 9an

LF Endesak badu 2022/2023 denboraldirako bere ibilbide-orria. Espainiako Saskibaloi Federazioak (FEB) Gasteiz izendatu du LF Endesa Superkopako egoitza eta, ondorioz, denboraldiko lehen txapelketa Arabako hiriburuko Mendizorrotza kiroldegian jokatuko dute. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren inplikazioari esker lortu dute hori.

Txapelketaren formatua aurreko ediziokoaren berdina izango da: urriaren 8an jokatuko dituzten bi finalerdi, eta urriaren 9an, igandean, jokatuko duten final handia. Gasteizko Kutxabank Araski taldea izango da, horrenbetsez, Superkopako lau lehiakideetako bat. Beste hiru taldeak Perfumerías Avenida,  Valentzia BC eta Spar Girona izango dira.

Gorka Urtaranek, Gasteizko alkateak, albistearen inguruko balorazio positiboa egin du: “2019an, Erreginaren Kopa Gasteizen jokatu zen eta, aurten, Itzulia Women gure hiritik atera da. Aste honetan, aldiz, Euskadiko emakumezkoen tenis-txapelketa garrantzitsuena, Araba World Tennis Tour, gure hirian jokatzen ari dira. Oro har kirol arloko ekitaldi nagusiak erakartzeko eta bultzatzeko konpromisoa dugu eta, bereziki, emakumezkoen kirol arlokoak. LF Endesa Superkopa Gasteizen jokatzea gure hirirako aukera bikaina da kirol arloko elitearen mapan kokatzeko, baina, horrez gain, ekarpen turistiko eta ekonomiko bikaina egiten du. Emakumezkoen saskibaloiko maila gorenaz eta zalego onenez gozatzeko aukera ere bada”.

Bestalde, Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzálezek, honako hau adierazi du: “2003an Saskibaloiko Emakumezkoen Superkopa antolatzen hasi zirenetik lehen aldiz txapelketa Gasteizen jokatzea albiste bikaina da Arabarako; izan ere, zalantzarik gabe, Araban emakumezkoen saskibaloia sendotzeko lagungarria izango da. Kirolaren inspirazio-iturri diren balio eta printzipioak zabaltzeko baliagarriak diren kirol-ekitaldi handiak erakartzearen alde Arabako erakundeek (Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia) egindako apustu berriarekin lotuta dago. Erreferenteak sortzen eta Arabako kirolarien eta zaletuen artean harrobia eraikitzen lagungarriak izango dira, Arabako Lurralde Historikoa ezagutarazteko balioko dute eta Arabako gizarterako itzulkin ekonomikoa ekarriko dute horiek”.

 

LF Endesa Superkopa eta parte-hartzaileak

LF Endesa Superkoparen 20. edizioa izango da hau, 2003/2004 denboralditik jokatzen baita. 2020. urtera arte, Ligako txapeldunaren eta Kopako txapeldunaren artean partida bat jokatzen zuten eta, 2021ean, partaide kopurua laura handitu zuten.

Egoitza izan diren hiriei dagokienez, zortzi aldiz jokatu dute Salamancan, bost aldiz Valentzian eta beste bitan Gironan. Txapelketa jokatu den gainerako tokiak dira Bartzelona, Leganes, Bilbo eta San Cristobal de La Laguna.

Aurten txapelketa jokatuko duten taldeei dagokienez, aldiz, El Perfumerías Avenida taldeak ondo ezagutzen du txapelketa. Izan ere, bederatzi aldiz irabazi du eta Ligako eta Kopako txapeldun gisa iritsiko da Gasteizera. Valentzia BCk Ligako txapeldunorde gisa lortu zuen Gasteizen jokatuko den txapelketa jokatzeko txartela eta aurreko denboraldian Tenerifeko Santiago Martinen lortutako titulua defendatuko du. Bestalde, Spar Girona taldea Erreginaren Kopako txapeldunorde gisa iritsiko da eta ez da hori izango parte hartzen duen lehen aldia. Izan ere, 2015ean eta 2019an ere bera izan zen garailea. Anfitroiari, Kutxabank Araski taldeari, dagokionez, etxean, bere zaletuen aurrean, egingo du txapelketa honetan debuta.

 

Foru Aldundia Kirola Diputatu nagusia

Prentsa oharra

Jaitsi