Enplegua | 2021 05 22

Uztailetik aurrera Gasteizek Conecta Empleo anezka berri bat izango du

  • Langabetuei aholku eman eta lagundu egingo die lana bilatzen.
  • Interesa dutenek ekainaren 28ra arte eman dezakete izena lanzaderasconectaempleo.es web orrian edo Ignacio Ellacuría udal zentroan.
  • Cristina González: “Inoiz baino gehiago ekintza eraginkorrak behar ditugu, pandemiaren aurreko enplegu mailetara itzultzen laguntzen digutenak”.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 22a. Datorren uztailaren erdialdetik aurrera, Gasteizek Conecta Empleo anezka berri bat edukiko du. Hark orientazioa, laguntasuna eta aholkuak eskainiko dizkie dohainik lanik gabe dauden pertsonei, lana bilatzen laguntzeko helburuaz, teknika eta tresna berrien bitartez eta trebetasun digitalak eta zeharkakoak indartuz.

Ekimen hau Santa María la Real fundazioak eta Telefónica fundazioak bultzatzen dute, Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagunduta, POISES programa eragilearen bitartez, eta Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala ditu lankide. “Inoiz baino gehiago ekintza eraginkorrak behar ditugu, pandemiaren aurreko enplegu mailetara itzultzen laguntzen digutenak” esan du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak.

Parte-hartzaileek astean zenbait egunez bilduko dira era birtualean, hainbat aplikazio informatikoren bitartez, eta era presentzialean, Gasteizko Udalak lagatako instalazioetan. Bertan, beharrezkoak diren higiene, segurtasun eta gizarte-urruntze neurri guztiak beteko dira. Hala ere, programa oso-osorik linean egitera aldatu ahal izango da, pandemiaren egoeragatik hala behar izanez gero.

Gasteizko Conecta Empleo anezka uztailaren erdialdetik abenduaren erdialdera arte egongo da funtzionamenduan.

Enpleguan, tresna digitaletan eta lan ibilbideetan berezitutako teknikariek gidatuko dituzte parte-hartzaileak, haien enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-munduan txertatzea lortzeko helburuaz. Programaren barruan badaude adimen emozionaleko dinamikak, lan-prospekzioko plan bat garatzen eta haren lan helburua fokalizatzen ikasteko; curriculumen eguneratzea eta lanerako elkarrizketen simulazioak; enplegagarritasun mapak eta enpresekiko kontaktuak.

Interesa dutenek ekainaren 28ra arte eman dezakete izena www.lanzaderasconectaempleo.es web orrian edo era presentzialean, Ignacio Ellacuría udal zentroan (Castro Urdiales kalea, 10-12), 9:00etatik 14:00ak arte. Lanik gabe dauden 18 eta 60 urte bitarteko emakume eta gizonek eman dezakete izena, berdin du haien ikasketa maila (DBH, LH, Batxilergoa, Unibertsitatea, masterra, etab.) eta lanbidea, aurretik esperientzia dutelarik edo ez.

Santa Maria la Real fundazioak eta Telefónica fundazioak datorren uztailean abian jarriko dituzte 16 Conecta Empleo anezka 7 autonomia erkidegotako 16 hiritan, horien artean Gasteiz dagoela. Horretarako, Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa laguntza jasoko da, POISES programa eragilearen bitartez, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren lankidetza.

Enplegua Enplegu sustapena Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi