Aldundiak Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak proiektua prestatu du, eskualdeko ondarea ezagutarazteko - arabapress
Aldundiak "Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak" proiektua prestatu du, eskualdeko ondarea ezagutarazteko
Proiektuak barnean hartzen ditu informazio panelak, liburuxka, web atari eta sustapenerako ikus-entzunezkoa
Cristina González: "Aiaraldeko turismo eskaintza aberastu eta dibertsifikatu nahi dugu, turismoa eskualderako enplegu eta aberastasun iturri izan dadin"
Ana del Val: "Aiaraldeak lehen mailako ondare historiko eta kulturala du, eta arabarrei eta bisitariei ezagutzera eman nahi die ekimen honek"

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 13a. Arabako Foru Aldundiak "Aiaraldeko museo eta dorretxeen ibilbideak" proposamen turistiko berria abiarazi du gaur, arabarrei eta bisitariei Aiarako Kuadrillako ondare historiko eta kultural aberatsa ezagutarazteko. Proiektuaren barruan honako hauek sartzen dira: informazio panel fisikoak baliabide bakoitzean, liburuxkak argitaratzea, web atari berri bat eta sustapenerako ikus-entzunezko bat.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak gaur aurkeztu dute proiektu hori Arabako Foru Aldundiaren Laudioko egoitzan, Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planaren ardatz turistikoaren esparruan. Inbertsio programa berezi horren helburua da Aiaraldeko baliabide turistikoei balioa ematea eta ezagutzera ematea, haien garapena antolatzea eta planifikatzea, eta turismo jasangarriaren eskaintza egituratzea.
Gonzálezek eta Del Valek azaldu dutenez, ekimen horren helburua da "Aiaraldeko ondare historiko eta kulturala arabar eta bisitarien artean ezagutzera ematea eta sustatzea, Erdi Aroko benetako altxor diren eta botere borroken eta gerra gertakarien berri ematen diguten dorretxe dotoreak lotzen dituen ibilbide baten bitartez, eta lehen mailako museo sare baten bidez, zeinak eskualdeko lanbide eta bizimodu tradizionalak, zenbait artistaren lanak, hala nola Xabier Santxotena eskultorearenak, eta tokiko likoreen esentzia erakusten baititu".
"Aiaraldea enogastronomia da, txakolin upeltegi, gaztandegi eta tokiko ekoizleek osatzen dutena, eta natura ere bada, Gorobel mendilerro ikusgarria, Maroñoko urtegia, Delikako arroila eta Nerbioiko ur jauzia han baitaude, baina baita historia eta kultura ere. Proiektu honekin Aiaraldeko turismo eskaintza aberastu eta dibertsifikatu nahi dugu, turismo eskaintza aberasteko, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortu daitezen", azaldu du Cristina Gonzálezek.
Bestalde, Ana del Valek nabarmendu duenez, Aiaraldeak "lehen mailako ondare historiko eta kulturala du, eta ekimen honek Araban eta Arabatik kanpo ezagutzera eman nahi du".
Proiektu integrala
Horretarako, proiektuak tresna fisiko eta digital hauek erabiltzen ditu:
-
Informazio panelak, euskaraz eta gaztelaniaz, Aiaraldeko hamaika dorretxeen ondoan. Haiekin baliabide bakoitza identifikatzen da eta informazio gehiago emateko QR bat jasotzen dute.
-
Turismoa sustatzeko bi liburuxka, ibilbideen mapak eta hamaika dorretxeen eta Aiaraldeko museoen informazioa biltzen dutenak, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Liburuxka horietan, baliabideak bi ibilbidetan taldekatuta daude (Aiara-Artziniega eta Urduña-Amurrio-Laudio), eta liburuxkak laster egongo dira eskuragarri tokiko eta eskualdeko turismo bulegoetan.
-
Web atari berri bat, museoetadorretxeak.araba.eus, honako hauek biltzen dituena: bi ibilbideen mapak, Aiaraldeko dorretxeei eta museoei buruzko informazio historikoa eta bisita daitezkeen baliabideen informazio praktikoa.
-
Sustapenerako ikus-entzunezkoa, aurkezpenetan eta sare sozialetan erabiltzeko sortua.
"Museo eta dorretxeen ibilbideak" Aiaraldeko hamaika dorretxeri buruzko informazioa eskaintzen du: Mendieta dorrea, La Cámara Orive-Salazar dorrea, Molinillo de Velasco dorretxea eta Bengoa dorretxea, Artziniegan; Kexaako Monumentu Multzoa eta Murga dorrea, Aiaran; Zaldivar etxea, El Puenteko gotorretxea, Artomaña dorretxea eta Mariaka dorrea, Amurrion; eta Ugarte dorrea, Laudion.
Eta atal bana eskaintzen die lau museori: Artziniegako Museo Etnografikoa, Santxotena Tailer Museoa eta Arte Sakratuaren Museoa; eta Amurrioko Licor Acha Museoa.
Proposamenean, halaber, Nerbioi Garaiko Bizkaiko herrietako bi museo sartu dira, Orozkoko Museo Etnografikoa eta Urduñako Museo Etnografikoa, BEPk Aiaraldea eta Nerbioi Garaiko Bizkaiko eskualdea barnean hartzen baititu.
Bestalde, turismo proposamen horren osagarri gisa, Arabako Foru Aldundiak, Aiaraldeko museoekin lankidetzan, eskualdeko museoen egoeraren, premien eta ahalmenen aurretiko diagnostiko bat bultzatu du, eta ekintza plan bat zehaztu du, Aiaraldeko Museoen Sarea sortzeko, museoen lehiakortasuna hobetzeko eta sustatzeko elkarlanean.

