Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planak 68 milioi bideratuko ditu foru garraioa hobetzeko eta joan-etorriak oinez eta bizikletaz egin daitezen bultzatzeko - prentsa
Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planak 68 milioi bideratuko ditu foru garraioa hobetzeko eta joan-etorriak oinez eta bizikletaz egin daitezen bultzatzeko
Bere gain hartu du Alavabusen erabilera % 70 handitzeko eta garraio publikoaren kuota % 8tik % 12ra igotzeko helburua
Maiztasun handiagoa, gaueko zerbitzuak, industrialdeetan geldialdiak eta eskualdeko garraioaren erreserbetan malgutasun handiagoa proposatu ditu
Oinez eta bizikletaz mugitzea bultzatu nahi du, eta auto pribatuaren erabilera murriztea joan-etorrien % 50etik % 38ra
Jon Nogales: "Asmo handiko plan errealista da, datozen hamar urteetan arabarren eskura jarri nahi dugun foru garraioaren sistema definitzen duena: sistema modernoagoa eta eraginkorragoa, Araba jasangarriago eta osasungarriago bat sendotzen lagunduko duena"
Gasteiz, 2024ko uztailaren 15a.- Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planak (2025-2034) 68,5 milioi euro bideratzea aurreikusten du foru garraioaren eskaintza hobetzeko, maiztasun handiagoa, gaueko zerbitzuak, industrialdeetan geralekuak eta autobus modernoagoak eta hobeto ekipatuak jarrita Alavabusen kasuan, eta ibilbide berriak eta erreserbetan malgutasun handiagoa eskainita eskualdeko garraioan. Joan-etorriak oinez eta bizikletaz egitea bultzatzeko neurriak ere jasotzen ditu.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak dokumentu estrategiko hori aurkeztu du gaur Arabako Batzar Nagusietan. Dokumentu horretan zehazten da "Arabako foru garraioaren eta mugikortasunaren ibilbide orria datozen hamar urteetarako. Asmo handiko plan errealista aurkezten dugu, ondo zehaztutako kronograma duena, mugikortasun jasangarria eta osasungarria herritarren eskubide gisa onartzetik sortua, eta erakundeok sustatu eta bermatu behar duguna".
"Eskubide horren aitorpena sendotu eta bide horretan aurrera egingo dugu, Alavabusen eskaintza nabarmen gehituz (% 36 baino gehiago), linea guztietako maiztasunak handituz eta zerbitzu berriak sartuz, hala nola ostiral, larunbat eta jai bezperetako gaueko bidaiak eta industrialdeetarako loturak. Helburua da foru garraioaren erabilera % 70 handitzea datozen hamar urteetan", adierazi du.
Nogalesek ziurtatu du lehentasuna dela "herritarrei kalitatezko foru garraio publikoaren zerbitzu segurua eta lehiakorra eskaintzea denborei eta prezioei dagokienez, ibilgailu pribatuaren alternatiba erakargarria izatea eta CO2 emisioak murrizten laguntzea. Foru garraioaren erabiltzaileak erakarri nahi ditugu, garraio publikoak gero eta kuota handiagoa izan dezan garraiobideen artean, eta Araba lurralde bizigarriagoa izan dadin".
Arabarrek, gaur egun, joan-etorrien % 50 ibilgailu pribatuan egiten dute, % 42 oinez edo bizikletaz eta % 8 garraio publikoan. Planaren helburua da garraio publikoa eta mugikortasun osasungarria sustatzea jarduketa programa baten bidez, 2034an egoera beste bat izan dadin: joan-etorrien % 50 oinez edo bizikletaz, % 38 ibilgailu pribatuan eta % 12 garraio publikoan.
Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Plana Arabako Foru Aldundiaren berezko eskumenetan oinarritzen da –bidaiarien errepide bidezko garraio erregularra–, baina harago doa, eta Arabako mugikortasunaren azterketa eta planteamendu globala egiten du, beste erakunde batzuk –udalak, kuadrillak eta Eusko Jaurlaritza– eta enpresak ere inplikatzen dituzten neurriekin, adibidez, enpresa eremuetako garraio kolektiboa bultzatzeko edo autoa parteka dadin sustatzeko.
Helburu orokorrak eta espezifikoak
Mugikortasun Jasangarriaren II. Plana bost kapitulutan egituratu da: Arabako Garraioaren I. Plan Zuzentzailearen ebaluazioa; arauen azterketa; Arabako mugikortasunaren egungo diagnostikoa; helburu orokorrak eta espezifikoak, egoerak eta jarduketa proposamen zehatzak; eta ekonomia, gizarte eta ingurumen eragina eta jarraipen mekanismoak. Gainera, eta aldi berean, barnean hartzen du parte hartzeko prozesu bat ere, herritarrei inkesta bat eginez eta udalekin eta kuadrillekin elkarrizketak eginez gauzatuko dena.
"Herritarren eta toki erakundeen iritzia eta garraio sistemaren indarguneen eta ahulezien azterketa funtsezkoak dira neurri eraginkorrak ezartzeko. Autokonplazentziatik ihes egin dugu uneoro, gure mugikortasun sistema biluztuta, foru garraioa hobetuko duten eta mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko diguten jarduketak planteatzeko", nabarmendu du Nogalesek.
Diagnostiko horretatik abiatuta, planak helburu nagusiak ezartzen ditu:
-
Mugikortasun sistema unibertsala eta inklusiboa lortzea, garraio publikoko zerbitzuak hobetuz maiztasun, estaldura eta irisgarritasun handiagoa ezarrita, eta oinezkoen zein txirrindularien mugikortasuna erraztuz.
-
Mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egitea, emisio kutsatzaileak murriztuz, EBren gidalerroekin eta 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategiarekin bat etorriz.
-
Mugikortasun eraginkorragoa lortzea.
-
Mugikortasun partekatua sendotzea.
-
Mugikortasun segurua bermatzea, arabarrak seguru senti daitezen garraio publikoan eta oinez edo bizikletaz egiten dituzten joan-etorrietan. Bere egiten du EBren helburua, hau da, 2020tik 2030era bitartean trafiko istripuetan hildakoen kopurua % 50 murriztea.
Helburu nagusi horiek helburu espezifikoetan zehazten dira, eta bost ildo estrategikotan taldekatutako 30 jarduketako programa bat dago. Plana indarrean egongo den hamar urteetarako 68,5 milioi euroko aurrekontua aurreikusten da; zenbateko horretatik 45,8 milioi euro Arabako Foru Aldundiari dagozkio, eta 22,7 milioi euro beste erakunde publiko batzuekin (udalak, kuadrillak eta Eusko Jaurlaritza) eta enpresa pribatuekin lankidetzan finantzatuko dira.
Lehenengo ildo estrategikoa herri arteko garraio publikoaren eskaintza handitzea eta hobetzea da, eta herri arteko joan-etorri horietan mugikortasun jasangarriagoa sustatzea. Ildo estrategiko horren ardatza Arabako Foru Aldundiak errepide bidezko herri arteko garraioaren arloan dituen eskumenak dira, bai eta foru garraioaren sistema unibertsal, malgu eta eraginkorra lortzea ere.
Ildo estrategiko hori garatzeko oinarrizko tresna Alavabuseko AR01 Araba Erdialdea, AR02 Aiara eta AR03 Arabako Errioxa emakidak eta eskualdeko garraio sortak berritzea izango da. Alavabusen kasuan, berritze hori 2026an egingo dela aurreikusten da, kontratu berriak lizitatu eta adjudikatuz; eskualdeko garraioaren kasuan, berriz, 2025ean egingo da.
Lehen ildo estrategiko hori proposatutako jarduketa hauetan zehazten da:
-
Alavabusen eskaintza handitzea eta hobetzea, honako irizpide hauen arabera: egungo lineei eustea; gutxienez orduero igarotzea mila biztanletik gorako herrietan; egunean gutxienez 4 bidaia egitea mila biztanletik beherako herriguneetan; etengabeko ordutegia izatea 06:00etatik 23:00etara; eta udalerri nagusien eta ospitale, ikastetxe, tren geltoki eta autobus geltokien arteko lotura ziurtatzea, garraiobide aldaketaren bidez.
Era berean, ostiral, larunbat eta jai bezperetako gaueko garraio modalitate berri bat planteatzen da, Gasteiz inguruko gune nagusiak Arabako hiriburuarekin lotzeko.
-
Eskualdeko garraio lineak berrantolatzea, ibilbideak optimizatzeko eta bidaiariak erakartzeko.
-
Alavabusen Gasteizko geralekuak hobetzea eta garraiobide publikoak koordinatzea.
-
Sistema zentralen eta autobusen ekipamenduaren berrikuntza teknologikoa, plazen eta ordutegien kudeaketa hobetzeko eta zerbitzu fidagarriagoa eskaintzeko.Gainera, proposatu da emakida berrien kontratuetan atzerapenengatiko zigor handiagoa sartzea, bai eta protokolo bat ere, erabiltzaile bat bera ere ez dadin zerbitzurik gabe geratu.
-
Hobekuntzak eskualdeko garraio zerbitzuan: erreserbetan malgutasun handiagoa ematea, Alavabusekiko intermodalitatea indartzea eta erabiltzaileentzako informazioa hobetzea.
-
Alavabusen geralekuak hobetzea: igarotzen diren lineei eta ordutegiei buruzko informazioa ezartzea, markesinak jartzea halakorik ez duten herrigune adierazgarrietan eta geralekurik garrantzitsuenetan informazio terminal digitalak instalatzea.
-
Ibilgailuak berritzea erosotasun handiagoa eskaintzeko eta matxura arriskua minimizatzeko, eta emakida berrien agirietan sartzea flotaren batez besteko adina ez dela 7 urtetik gorakoa izan behar. Autobus hibridoak edo GNL/CNC motakoak pixkanaka sartzea aurreikusten da.
-
Tarifak bateratzea, garraio publikoa sustatzeko politikak indartzeko. Aukera emango du garraio aldaketak egiteko Alavabus, eskualdeko garraio, Tuvisa eta tranbiaren artean, baldintza onuragarrietan.
-
Industrialdeetarako mugikortasun jasangarria sustatzea, lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Gasteiz inguruko industrialdeetarako garraio zerbitzu berezi baten azterketa, Arabako Parke Teknologikoan dagoenaren antzekoa; eta enpresentzako laguntzak, garraio kolektiboko zerbitzu propioak ezartzeko eta mugikortasun planak egiteko.
-
Industrialdeetarako sarbidea hobetzea, Alavabusen lineen bidez.
Gainera, eta lehen ildo estrategiko horren barruan, planak kontuan hartu du Arabako Lautadan aldiriko trena martxan jartzea eta foru garraioa zerbitzu berri horrekin eta AHTren etorkizuneko zerbitzuekin koordinatzea. Garraiobide jasangarriagoak sustatzeko ekintzak ere proposatzen ditu, besteak beste, Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen LPSa garatzea, herri arteko joan-etorrietan bizikletaren erabilera errazteko.
Intermodalitatea sustatzea
Bigarren ildo estrategikoak honako neurri hauek biltzen ditu: garraiobideen arteko intermodalitatea hobetzeko neurriak, aldageltokiak sortuz Murgian, Amurrion, Laudion, Legution, Agurainen, Dulantzin, Guardian, Oionen eta Gasteizen, zeinek oinarrizko zerbitzuak izango baitituzte (salmentagunea eta kargagunea, bizikletentzako aparkalekua, eta abar); herriguneetan disuasio aparkalekuak sustatzea; eta hiriko banaketa nodoak sortzea.
Planaren hirugarren ildo estrategikoaren puntu eta jarduketa bakarra Arabako Mugikortasun Agintaritza (AMA) indartzea da, partzuergo gisa eratuz tarifak bateratzeko.
Herriguneetan mugikortasun jasangarria sustatzea da 4. ildo estrategikoa, eta hirigintza eta lurralde plangintza aprobetxatzeko ekintzak biltzen ditu, helburu horretan aurrera egiteko. Ekintza horietako batzuk dira udal eta kuadrillentzako laguntza lerro bat ezartzea, hiri mugikortasun jasangarriko planak egiteko; dirulaguntzak ematea enpresei, beren garraio planak bultzatzeko; eta eskola bide seguruak sustatzea.
Jarduketa proposamenen kapitulua 5. ildo estrategikoaren inguruan bildutako proposamenekin amaitzen da. Proposamen horiek bide azpiegiturarekin, haren kudeaketa eraginkorrarekin eta bide segurtasuna hobetzearekin lotuta daude.
Proposatutako ekintza bakoitza ebaluazio eta jarraipen adierazle batzuei lotuta dago, haien betetze maila neurtzeko.
Mugikortasun Jasangarriaren II. Planak, azkenik, proposatutako 30 neurrien eragin positiboa neurtzen du, eta uste du onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak ekarriko dituztela, 373 milioi eurokoak. Kontuan hartuta aurrekontua, gutxi gorabehera, 68,5 milioi euro dela, balantze positiboa 304 milioi euro baino gehiagokoa da, hau da, planean inbertitutako euro bakoitzak 4,4 eurotik gorako etekina sortuko du.
Kalkulu horren barruan honako hauek sartzen dira: arabarrek denbora aurrezteari lotuta izango dituzten onurak, foru garraioaren maiztasunak eta zerbitzuak hobetzeari esker; txartelen salmentaren eta beste kontzeptu batzuen ondoriozko diru sarrerak handitzea; ezbehar tasa murriztea; berotegi efektuko gasak murriztea eta mendekotasun energetikoa txikiagotzea.
Mugikortasun Jasangarriaren II. Plana Arabako Batzar Nagusietan aurkeztea da hasierako testua jendaurrean jarri aurreko urratsa. Testu hori datozen egunotan jarriko da jendaurrean, ALHAOn argitaratzen denean. Argitaratzen denetik aurrera bi hilabeteko epea izango dute herritar, elkarte, erakunde eta batzarkide taldeek dokumentu horri ekarpenak egiteko.