| 2026 07 03

Bakoren burua lehen aldiz erakutsiko da Arabako Bibat Arkeologia Museoan, irailaren 30era arte.

Arabako Foru Aldundiak K.o. I. mendeko marmolezko eskultura erromatar ezaguna aurkezten dio gaur jendeari,  1976an Arkaiako parrokia elizaren inguruan aurkitu zutena.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 7. Arabako Bibat Arkeologia Museoak gaur ireki du "Bakoren odisea" izeneko erakusketa. Bertan, publikoak lehenengoz ikusi ahal izango du Arkaia-Suestatiumeko Dioniso-Bakoren herma, "Bakoren burua" izenaz ezagutzen duguna. Eskultura erromatar txiki hori hainbat liskar, auzi eta zaharberrikuntza lanen protagonista izan da, museoko geletara heldu aurretik.

Marmolez landutako eskultura honek pertsona heldu baten burua irudikatzen du, ile luze kizkurtua, bizarra, bibotea eta diadema dituena, eta K.o. I. mendearen bigarren erdikoa da.  Honako neurriak ditu: 13 cm-ko altuera, 9,5 cm-ko zabalera eta 6,5 cm-ko sakonera.

Formatu txikiko herma bat da, greziar munduko eskultura mota bat, erromatarrek beren etxebizitzetan apaingarri gisa erabiltzeko hartu zutena. Burua Dioniso-Bako dela identifikatu da, ardoaren eta naturaren jainkoarekin, bere ezaugarri ikonografiko arkaizatzaileei esker, K.a. V. mendeko Greziako ereduaren oso antzekoa delako eta Hispanian dokumentatutako antzeko beste hogeita bost piezekin alderatu delako. Nahiz eta figurak ez dituen Bako ezagutarazten duten ohiko ezaugarriak, esaterako, mordoak edo mahatsondo hostoak, "kopien kritika" izeneko ikerketa prozeduraren bidez, erraz identifika daiteke.

Pieza Arkaiako Zona Arkeologikotik dator. Pieza honen historia pieza bera bezain berezia da.  1976an, Arabako Foru Aldundiak ura bideratzeko sustatutako obrak egin bitartean, langile batek eskultura zatia aurkitu eta ingeniari arduradunari eman zion. Harrezkero, pieza ez zen inoiz esku publikoetara eraman.

2019an, egunkarietako artikulu batek berriro ireki zuen eztabaida publikoa, eta 2022an Aldundiak salaketa bat jarri zuen Ertzaintzaren aurrean eta Vitoria-Gasteizko instrukzioko 3 zenbakiko epaitegian, hura berreskuratzeko. Pieza Espainiako Kultura Ondarearen Institutura (IPCE) bidali zen, azter zezaten, eta, 2024an, Arabako Arkeologia Museora itzuli zen, non zigilatuta egon baitzen ebazpen judizialaren zain.  

2026an, epaitegiaren probidentzia batek baimena eman zion Arabako Foru Aldundiari frogak erabiltzeko eta zigiluak kentzeko. 2026ko otsailaren 27an, pieza Zaharberrikuntza Zerbitzura eraman zen, hark esku har zezan, eta, horrela, odisea luzearen azken kapitulua ireki zen.

Kontserbazio eta zaharberritze prozesuari esker, hobeto ezagutu ahal izan da pieza, eta jatorrizkotik hurbilen dagoen itxura itzuli ahal izan zaio. Mikrolaginen analisiek agerian utzi zuten marmolak konposizio organikoko laranja koloreko estaldura bat zuela, argizari gisa identifikatu zena, eta beste geruza bat, nagusiki aluminosilikatoz osatua (burdina ugariko buztina). Material horiek ziur asko erreplikaren moldea egiteko erabili ziren.  Material horiek marmolaren barruan sartuak ziren, kristal txikien artean iragaziak.

Dagozkion disolbagarritasun probak egin ondoren, argizarizko eta buztinezko estaldurak kendu ziren, eta marmolari jatorrizko itxura eta ehundura itzuli zitzaizkion. 

Irailaren 30era arte ikusi ahal izango dugun erakusketa hau ez da K.o. I. mendeko Arabako mundu erromatarrerako leiho soila: ondareari buruzko legeriari eta ondare arkeologikoa babesteko mekanismoei buruzko gogoeta ere bada.  Aurkikuntzaren unean, 1933ko Ondare Artistiko Nazionalaren Legea zegoen indarrean. Gaur egun, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezartzen du ustekabeko aurkikuntza arkeologikoak jabari publikokoak direla, eta merkatutik kanpo geratzen direla. 

Prentsa oharra

Jaitsi

Bakoren periploaren kronologia laburra

Jaitsi