Foru Aldundia | 2026 10 30

Arabako Foru Aldundiak Arabako Lautadako toki erakundeekin batera aztertu ditu ur horniduraren bermea hobetzeko neurriak

Aste honetan, Zirauntzako eta Okondoko ur mahaiak bildu dira, udalek eta administrazio batzarrek parte hartuta

Foru erakundeak sustatzen dituen topaguneak dira, administrazioen arteko koordinazioa indartzeko, informazio teknikoa partekatzeko eta ur baliabideen hornidura eta babesa bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak adostasunez planifikatzeko sortuak
 

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 30a. Arabako Foru Aldundia zenbait ur mahai egiten ari da joan den irailetik, uda honetan izandako gorabeherei erantzuteko. Zuian egindakoak eta gero, aste honetan, Zirauntzakoa eta Okondokoa egin dira. Zirauntzako bileran hainbat gai jorratu dira, hala nola, udaren balantzea hornidurari, gorabeherei eta hobekuntza-beharrei dagokienez; hornikuntza-sistemaren egungo egoeraren diagnostikoa; dauden azpiegituren azterketa, horien kontserbazio-egoera, funtzionamendua eta hobetzeko gaitasuna; eta eremuan hornidura-bermea indartzera bideratutako jarduketa eta konpromiso posibleak.

Okondokoan, hitzorduak balio izan du, batez ere, Arabako Foru Aldundiak udalerrian uraren baliabidea bermatzeko gauzatu nahi duen proiektua aurkezteko, eta parte hartu duten eragileekin batera saneamenduaren arloko beharren eta konponbide posibleen azterketa partekatu du. Lanak hurrengo hilabeteetan jarraituko du bi jarduera ildoetan aurrera egiteko, Uraren Esparru Zuzentarauaren araberako kalitatezko zerbitzu jasangarria bermatuz.

Ur mahaiak foru erakundeak sustatzen dituen topaguneak dira, administrazioen arteko koordinazioa indartzeko, informazio teknikoa partekatzeko eta ur baliabideen hornidura eta babesa bermatzeko beharrezkoak diren jarduketak adostasunez planifikatzeko sortuak.

Foro horiek, gainera, aukera ematen dute eskualde bakoitzaren beharrak partekatzeko, jarduteko lehentasunak identifikatzeko eta azpiegitura hidraulikoen plangintza partekatuan aurrera egiteko, tokiko erakundeen eta uraren kudeaketan zuzenean inplikatutako eragileen parte hartzearekin.

Klima aldaketak markatutako testuinguru batean, erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da Arabako eskualdeetan hornidura- eta saneamendu-sistemen jasangarritasuna eta erresilientzia bermatzeko, bai eta baliabide hidrikoen kudeaketa efizienteago, jasangarriago eta orekatuago baterantz aurrera egiteko ere.

Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatuak azpimarratu duenez, "ur mahaiak lan espazio erabilgarria dira diagnostikoak partekatzeko, jarduerak koordinatzeko eta toki erakundeekin adostutako konponbideetan aurrera egiteko. Muturreko fenomeno meteorologikoek gero eta gehiago baldintzatzen duten egoera batean, funtsezkoa da hornidura sistemen ezagutza hobetzen jarraitzea eta herritarrei zerbitzu segurua eta kalitatezkoa bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak planifikatzea".

Hurrengo ur mahaia Urkabustaizkoa izango da.
 

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi