Foru Aldundiak biodibertsitateari eta naturari buruzko dibulgazio hitzaldiak antolatu ditu, Martiodako Faunaren Suspertegiaren 50. urteurrena dela eta - arabapress
Foru Aldundiak biodibertsitateari eta naturari buruzko dibulgazio hitzaldiak antolatu ditu, Martiodako Faunaren Suspertegiaren 50. urteurrena dela eta
Azaroko ostegunetan izango dira, Vitoria-Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, arratsaldeko zazpietan

Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 29a. Martiodako Faunaren Suspertegiaren 50. urteurrenaren barruan, Arabako Foru Aldundiak biodibertsitateari eta naturari buruzko dibulgazio hitzaldiak antolatu ditu azarorako, "Martiodako ostegunak" izenburupean.
"Helburua da Arabako herritarrei gure fauna autoktonoa, mundu naturalaren bitxikeriak edo gure natura ondarea kontserbatzearen garrantzia helaraztea. Hitzaldi guztiek inguruko mundu naturala ezagutzen eta ulertzen lagunduko digute. Gainera, sentsibilizatu, kontzientzia sortu eta lurraldea osatzen duten ekosistemekin konektatuko gaituzte", Saray Zárate Ekonomiaren Garapenaren eta Jasangarritasunaren diputatuak nabarmendu duenez. Hitzaldi guztiak programatuta daude ostegunetan, arratsaldeko zazpietan, Vitoria-Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, eta doakoak eta sarrera librekoak dira.
Lehenengo hitzaldia azaroaren 6an izango da, osteguna. Hitzaldia Jonathan Rubines biologo eta dibulgatzaileak emango du. "Naturaren sare ikusezina" izenburupean, adituak fauna espezieen arteko harreman ekologikoei buruz hitz egingo du, baita harreman horiek ulertzearen garrantziari buruz ere.
Azaroaren 13an, ostegunean, Joseba Carreras de Bergaretxe izango da programarekin jarraitzeko arduraduna, bera baita 1999tik 2025era Martiodako Suspertegiaren arduraduna. Hizlariak kontatuko du espazio horren historia hasieratik, boluntarioek kudeatzen zuten unetik, gaur egunera arte. "Martioda, 50 urteko historia eta istorioak" izenburupean, anekdotez betetako ibilbidea izango dela ematen du hitzaldiak.
Hirugarren ostegunean, hilaren 20an, naturaren fenomeno natural liluragarrienetako bat jorratuko da: hegaztien migrazioa. Juan Arizaga Biologiako doktore eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Saileko zuzendariak hegaztiak urteko zeharkaldi horretarako nola prestatzen diren eta bidaia horiek ezagutzeko zer tresna erabiltzen diren azalduko du, ikuspegi globaletik zein tokikotik.
Programazioa Elvia Gómez Troyak itxiko du. 13 urteko arakatzailea eta naturista da, eta Scientific Exploration Society (SES) erakundearen nazioarteko aintzatespen ospetsuenetako bat jaso berri du. Gazteenengana iritsi nahi da horren bidez. Azaroaren 27an, "Naturaren ahotsak" hitzaldian naturaren soinuek berarentzat zer esan nahi duten eta ingurune naturalarekin nola konektatzen uzten dioten azaldu nahi da.
Martioda, mende erdiko bizitza
Martioda, gaur egun, erreferentzia da lurraldean. Zauritutako edo ahuldutako basanimaliak hartzen ditu, sendatzeko eta, suspertze eta indarberritze prozesu baten ondoren, naturara itzuli ahal izateko bizirik irauteko ahalmen fisiko osoz.
Martiodako Faunaren Suspertegiak 20.000 animalia baino gehiago hartu ditu irekita daraman mende erdian. Proiektu hori 1975ean hasi zen, eta aitzindaria izan zen Estatuan. Hasieran, penintsula osoko animaliak jasotzen zituen. Foru lurraldeetan eta autonomia erkidegoetan zentro gehiago sortu ahala, bere esku hartze eremua haiei lagatzen joan zen.
Lan klinikoa eta suspertze lana egiteaz gain, Arabako faunaren kudeaketan laguntzeko zentro gisa funtzionatzen du. Espezieen kontserbaziorako ikerketa eta jarraipen proiektuetan lankidetzan aritzen da eta haietan laguntzen du, nekropsiak egiten ditu animalien heriotza kausak identifikatzeko eta gaixotasunak edo mehatxuak prebenitzeko, eta ingurumen delituak ikertzen laguntzen du. Bestalde, haren lana funtsezkoa da basafaunatik etxeko aziendari edo pertsonei kutsa dakizkiekeen gaixotasunak edo infekzioak detektatzeko. Gainera, aktiboki parte hartzen du espezie exotiko inbaditzaileen kontrolean, gure ekosistemak babesten laguntzeko.
Hasieran zentroa bisitetarako irekita bazegoen ere, gaur egun hori ezinezkoa da suspertzen ari diren animaliei estres handiagorik ez sortzeko eta haien segurtasuna bermatzeko.
Gaur egun, ingurumen hezkuntzako jarduerak ere egiten ditu ikastetxeetan eta elkarteetan, suspertegiaren eginkizunak ezagutarazteko, naturarekiko errespetua eta jardunbide egokiak sustatzeko eta gizakien eta animalien arteko bizikidetza hobetzeko.

